Fidel Mendiak mendiko eskiari buruzko lana aurkeztuko du ostegunean

Urola Kostako Hitza 2014ko maiatzaren 13a

Etzi izango da Pagoeta Mendizale Elkarteak antolatutako Mendi Jardunaldien bigarren saioa. Mendiko eskia Ekialdeko Europan ikus-entzunezkoa aurkeztuko du Fidel Mendia eskalatzaile, eskiatzaile eta argazkilari iruindarrak.  Gaztelaniaz eskainiko du. Maiatzaren 8an ekin zioten jardunaldiei Adolfo Madinabeitia eskalatzailearen hitzaldiarekin, eta ekainaren 4ra bitarterako hainbat saioa antolatu dute elkarteko kideek. Biharkoaren ondoren, hilaren 22an egingo dute hurrengoa. Bizikletan bidaia bat nola antolatu azalduko du Mikel Bringasek Bizibidaia hitzaldiaren bidez. Bringasek hainbat bidaia egin ditu bizikletan, Afrikan zehar, esaterako. Euskaraz eskainiko ditu azalpenak. Mendiaz gozatzeko gomendioak emango ditu Kepa Lizarraga mendizaleak hilaren 29an, gaztelaniaz. Ekainaren 4an izango da azken hitzaldia Arkaitz Astiazaranek. Euskal Herriko altxorretan barrena ibilbidea aurkeztuko du kirolari eta abenturazaleak, euskaraz. Hitzaldi guztiak 20:00etatik aurrera izango dira, elkarteko egoitzan (Santa Marina kalea, 2-1. zenbakian). Pagoeta Eguna, ekainaren 1ean Ekainaren 1ean ospatuko dute 55. Pagoeta Eguna. 08:00etan txistulariak kaleak girotuko dituzte eta kalejira gidatu, egunari hasiera emateko. Mendizaleak ordu erdi beranduago elkartuko dira Azken Portuko Guria tabernaren atarian, Pagoetara igotzeko. 11:30ean meza egingo dute mendi horretako gurutze ondoan, eta ondoren txistulari eta trikilariekin erromeria izango da «jai giro alaian». Bestalde, elkarteak Pagoeta aldizkariaren azken alea kaleratu du apirilean. Joxean Elortza da protagonista. Pasa den otsailaren 8an zendu zen elkarteko kidea eta haren omenez atera dute azken aldizkaria, besteak beste.  Berak idatzitako testu batean azaldu zuen, hain zuzen, aldizkaria argitaratzeari uzteko zergatia. Euskarazko prentsaren krisia eta instituzio aldetik laguntza urriak izan dira horren arazoiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide