Azpeitian, '3052' liburua aurkeztuko du gaur Mamadou Dia etorkin senegaldarrak

Urola Kostako Hitza 2014ko mai. 13a, 14:38

Mamadou Dia '3052' liburuarekin. Bizimodu hobeago baten bila abiatu zen egun batean Mamadou Dia senegaldarra. 22 urte zituen cayuco hartara igotzea erabaki zuenean. Amets baten bila abiatu zen egun hartan hasi zen bere odisea, urrezkoa zela esan zioten mundu horretara. Baina, ez urre, eta ez dizdira, etorkinaren bizimodu lazgarriak kolpatu baitzuen, bete-betean. Atlantikoa zeharkatzen pasatutako zortzi egunak eta handik aurrera gertatutakoak liburu batean bildu ditu Mamadou Diak, 3052, amets baten bila, eta gaur, Azpeitian aurkeztuko du. Zubiola S. Koop Ner Group enpresak antolatuta, 19:00etan hitzaldia eskainiko du Sindikatu Zaharrean. Egileak esan izan du liburua hau idatzi zuela topatu zuenak «erabat harritu» zuelako, eta bere herrikideek jakin zezaten «zer den benetan hemen topatzen dena». Zazpi urte daramatza Espainian, eta 2012an Hahatay gobernuz kanpoko erakundea sortu zuen; bere liburuaren salmentarekin finantzatzen du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide