Erria txikota! Astean zehar Orion itsas ondarea, kultura eta kirola uztartuko dituzte

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko maiatzaren 13a

2014ko Kilometroak jaia gero eta gertuago da, eta herritarrak festa handira Erria txikota! leloan murgilduta iritsi daitezen Erria txikota! Astea antolatu dute Orioko Herri Ikastolako kideek igandera bitartean. Orioko itsas ondareari buruzko hitzaldi eta mahai inguruak, kultur ekitaldiak eta ingurumen jarduerak uztartu dituzte, egitarau erakargarria sortuz. «Astean zehar izango da zer ikusia eta zertaz gozatua Orion. Herritar guztiak gonbidatuta daude», azaldu dute antolatzaileek. Egitarau zabala Ostegunerako arraunzaleei zuzendutako mahai inguru bat antolatu dute: Arrantzatik arraunera: itsas kultur ondare biziena da arrauna izenburupean egingo dute. Bertan parte hartuko dute Jose Luis Kortak, Joxean Olaskoagak, Jon Salsamendik, Mikel Orbañanosek eta Igor Makazagak. Bestalde, larunbatean Aukeran Dantza Konpainiak Geltokia ikuskizuna eskainiko du Orioko Karela kiroldegian. Bertan, bizitza trenez egindako bidaia batekin konparatuko dute. Bederatzi dantzari oholtzaratuko dira, tartean Ander Errasti oriotarra. Emanaldiko sarrerak eskuragarri daude Orioko Herri Ikastolako idazkaritzan eta Il Gelato Kafetegian, Villabonako Amasa kafetegian eta Andoainen Xaloa dendan. Horretaz gain, sarrerak kilometroak.net/denda/ sareko helbidean eros daitezke eta larunbatean kiroldegiko txarteldegian jaso beharko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide