Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Pagoeta Mendi Lasterketaren hamaikaigarren ekitaldia maiatzaren 18an, igandean, jokatuko dute. Azken Portu auzoko Guria taberna aurretik abiatuko dira korrikalariak 10:00etan, eta toki berean helmugaratuko dira, tontorrera igo eta gero. Probak 15 kilometroko luzera izango du eta 1.468 metroko gorabehera metatua. Ibilbidea gehienez bi ordu eta erdianegin beharko da.
Izena www.pagoetamendilasterketa.com eta herrikrossa.com webguneetan eman daiteke, 15 euro ordainduta. Parte hartu ahal izateko baldintza bakarra ezarri dute: korrikalariak 18 urtetik gora izatea. Parte hartze kopurua 225 lagunetara mugatu dute antolatzaileek.
Kategoria bakoitzeko—emakumezkoak zein gizonezkoak— lehen hiru sailkatuek saria jasoko dute. Probako marka berria jartzen dutenek sari berezia jasoko dute, gainera: emakumezkoetan zein gizonezkoetan 300 euro. Oihana Kortazarrek— 01:12:01— eta Didier Zagok—01:01:14— egin dute orain arteko denbora onena proba horretan. Lehen zarauztarrek ere izango dute saria, eta baita lasterketa finkatutako denbora barruan egiten dutenek ere, elastikoa eta oroigarria, kasu. Opari gehiago ere zozkatuko dituzte horien artean.
Lasterketaren ondoren, Zarauzko Udal Kiroldegiko aldagelak eta dutxak erabili ahalko dituzte parte-hartzaileek.