Zarautz On Taldearen aurkezpena (Amaia Ventas/Hitza)
Zientziari eta teknologiari buruzko jakintza zabalduz, pertsonen garapena bultzatzea du helburu zarauztar talde batek abiatu berri duen Zarautz On elkarteak. Hainbat ezaugarrik batu ditu zarauztar horiek, batez ere, ezagutzarekiko duten grinak. «Gure ustez pertsonak ahalmendu behar dira gauzen gainetik, baloreak partekatuz eta jakinmina, irekitasuna eta parte hartzea sustatuz», azaldu du elkarteko presidente Juan Mari Iraolak. Ildo horretatik, balore berak partekatzen dituen pertsonen bilgune izan nahi du Zarautz On elkarteak, herritarrek duten munduaren ikuskera zabaltzeko eta zientziari eta teknologiari buruzko ezagutza areagotzeko.
Horretarako, Astearte On zikloa antolatu du irabazi asmorik gabeko elkarte horrek. Gaurtik hasi eta ekainaren 10era arte, asteartero—salbuespena izango da hilaren 28rako, asteazkenerako antolatutako ekitaldia— zientzia eta teknologiari buruzko lau hitzaldi eta ikus-entzunezko bat eskainiko dituzte Antoniano aretoan. Iraolak nabarmendu du «luxuzko» gonbidatuek eskainiko dituztela saio horiek.
Gaur, esaterako, Rogelio Pozo Azti-Teknaliako zuzendariak elikadura joera berriez jardungo du. Ikerketa zentro horrek, besteak beste, itsasoko eta arrantzako sektorea zein elikagaien alorra aztertzen ditu. Horren guztiaren inguruko azalpenak emango ditu Pozok. Datorren asteartean, berriz, industria teknologikoen gainbeheraz eta horren ondorioz sortuko diren industria berriez ariko da Julian Flores, Vicomtech-IK4 zentroko zuzendaria.
Fidel Delgado psikologo klinikoak beldurra gainditzeko eta umore ona areagotzeko hainbat jarraibide emango ditu hilaren 28an. «Eskarmentu handiko profesionala da; besteak beste, ospitaleetako langileen hezitzaile bezala jardun zuen lanean», ohartarazi du. Mondragon korporazioko Nazioartekotze Saileko zuzendari Josu Ugartek Euskal Herriak globalizazioan duen paperaren inguruko hitzaldia emango du ekainaren 3an. Zikloa bukatzeko,
Mercados de futuro dokumentala emango dute. Ondoren, egilearekin, Mercedes Alvarez zuzendariarekin solasteko aukera izango da.
Teknologiari eta zientziari buruzko jakintza zabaltzeaz gain, ziklo horrek bazkide berriak lortzeko balioko du. Interesa dutenek 688-674193 edo 652-702442 telefonoetara deitu dezakete informazio zabalagoa jasotzeko.
Astearte-On egitasmoko egitaraua:
Ekitaldi guztiak Antoniano aretoan izango dira.
Maiatzak 13, asteartea
- 19:30.
Elikaduran joera berriak eta elikagaien egokitzapena hitzaldia, Azti Teknalia zentroko zuzendari Rogelio Pozorekin.
Maiatzak 20, asteartea
- 19:30.
Teknologiaren iragana eta etorkizuna Euskal Herrian hitzaldia, Julian Florez Vicomtech-IK4 enpresako zuzendari orokorraren eskutik.
Maiatzak 28, asteazkena
- 19:30.
Norbere buruaren ezagutza hitzaldia, Fidel Delgado psikologo klinikoarekin.
Ekainak 3, asteartea
- 19:30. Euskal Herriaren jarrera globalizazioan hitzaldia, Mondragon Internacionalizacion taldeko zuzendari Josu Ugarterekin.
Ekainak 10, asteartea
- 19:30.
Etorkizuneko merkatuak dokumentala. Ondoren mahai ingurua egingo dute Mercedes Alvarez zuzendariarekin.