TS-ko lau ordezkari sindikalen aurkako epaiketa bertan behera geratu da, akusazioak salaketa kendu ondoren

Zestoako Hitza 2014ko maiatzaren 13a

Langileek elkarretaratzea egin dute epaitegi aurrean, auzipetuei babesa emateko
(Ane Olaizola) Zestoako TS Fundiciones enpresako lau ordezkari sindikalen aurkako epaiketa ziren egitekoa gaur goizean, Azpeitiko epaitegian.  Akzionista batek jarritako salaketari erantzunez, mobilizazioetan lantegi aurrean ustez heriotza mehatxuak egiteagatik deklaratu behar zuten goizean epailearen aurrean, baina epaiketa hasi baino lehen akzionistak salaketa kendu du. Langileek, ordea, ez dute jakin azken unera arte. Hau da, epaitegi barrura sartu dira, kontrol gunea igaro dute, eta gelara sartzerako jakinarazi die akusazioak euren aurkako salaketa erretiratu duela. Ordezkari sindikalek zapore gazi-gozoz hitz egin dute Urola Kostako Hitza-rekin. "Adar jotzea izan da", esan dute. "Honek argi erakusten du nor ari den gezurretan, eta langileak direla egia esaten ari direnak". Aurretik ere ukatu egin izan dute halakorik egin dutenik, eta orain gertatutakoarekin "zirko mediatikoa" prestatu nahi izan dutela egotzi die akzionistei. "Zeharo kriminalizatuta gaude", gaineratu dute. Auziak euren izena eta ohorea "kaltetu"  eta "gastu ugari" erangin dizkiela azpimarratu dute. Epaiketa hasi baino lehen, dozenaka behargin elkartu dira epaitegi aurrean, horien aurkako epaiketak salatzeko. Enpresaren itxieraz gain, TSko langileek eta hango akzionistek hainbat afera dituzte zabalik; besteak beste, legez kanpoko elkarretaratzeak egiteagatik 1.800 euroko isuna ordaindu dute. Horrez gain, Ertzaintzak ikerketa bat abiatuta dauka zenbait langile eta horien senideen aurka, Facebook sare sozialean langileek irekitako kontu batean egindako ustezko irainen eraginez. Guztira 18 lagunek deklaratu dute auzi honen barruan.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide