Eneko Agirre (ezkerrean) eta Oier Aranzabal Garoa Web Consulting-eko arduradunak, bulegoan. (Aritz Mutiozabal/ Hitza)
Arantza Quiroga (PP), Andoni Ortuzar (EAJ), Odon Elortza (PSEE-EE), Gorka Maneiro (UPy D), Rafael Larreina (Amaiur), Uxue Barkos (Geroa Bai)...Kolore guztietako politikariak biltzen dituen webgune bat sortu dute Garoa Web Consulting enpresako Eneko Agirrek eta Oier Aranzabalek:
osoigo.com. «Entzuten duten politikarien ataria» da hori, eta herritarrak eta politikariak gerturatzea du helburu, zubilanak egitea bien arteko zuzeneko feedback-a sortzeko. «Politikariek duten fatxada hori bota eta herritarrekin pertsonatik pertsonara hitz egiteko bidea da
osoigo.com», azaldu du Agirrek.
Aranzabalen arabera, politikarien helbidetegi bat baino «gehiago» da atari berria: «Hasiera batean politikarien direktorio bat egitea zen gure helburua euskal politikariek Euskal Herritik kanpo ere duten arrakasta ikusita, baina proiektuan murgildu bezain pronto beste buelta bat ematea erabaki genuen». Herritarren parte hartzea sustatzea adostu zuten hala, eta edonork politikariei zuzenean galderak egin ahal izateko plataforma osatu dute.
Erabilterraza da osoigo.com. Lehenbizi herritarrek erregistratu egin behar dute atarian. Behin hori eginda, politikari bat edo batzuk aukeratu behar dituzte, eta zuzenean galdera egin, nahi duten gaiaz. Galdera hori politikariengana iritsi ahal izateko galderak berak beste erabiltzaileen aldetik babesa jaso behar du. Behin finkatutako boto kopurua biltzen duenean, galdera aukeratutako politikariari bidaltzen diote, erantzun dezan.
Galdera egin duenaz gain, galdera babestu duten guztiei zuzenean heltzen zaie erantzuna, automatikoki. «Hori oso interesgarria da politikarientzat, beren mezua interesa agertu duten herritar guztiengana heltzen delako», zehaztu du Aranzabalek.
Erantzunarekin «harrituta»
Duela 10 egun jarri zuten martxan proiektu berria, eta lehenbiziko urratsen balorazio «oso positiboa» egin dute. «Harrituta» daude izan duen erantzunagatik. «Hasieran pentsatu genuen politikari gutxi batzuk aukeratu eta horien konpromisoa lortzea, galderak erantzuteko hitza ematea», dio Aranzabalek. «Kongresuko bost politikari lortzea jarri genuen helburu bezala hasieran. Helburu txikia». Dagoeneko, ordea, 30 politikari inguruk agertu dute borondatea herritarren askotariko galderak erantzuteko.
Politikarien parte hartzea lortzea ez da hain zaila izan, beraz. «Hasieran, herritar bezala, zaila ikusten nuen diputatu batekin harremanetan jarri eta hark edozein galdera erantzuteko konpromisoa hartzea. Baina erantzuna azkarra izan da», azaldu du Agirrek.
Oraingoz Espainiako Kongresuko hamaika alderditako diputatuak biltzen ditu atariak. Are gehiago, orain politikariak eurak dira Garoa Web Consultingeko arduradunekin harremanetan jartzen direnak proiektuan parte hartu nahi dutela esateko. «Egun sarean badira bestelako plataformak herritarren parte hartzea bultzatzeko, baina badirudi herritarrak biltzen direla politikariei gauzak eskatzeko. Politikariak beste mundu batean biziko balira bezala», dio Agirrek. osoigo.com egitasmoaren prozesua,berriz, bestelakoa da: «Politikariek herritarrengana hurbiltzeko aurrerapausoa eman dute, eta zenbait egoeretan haiei laguntzeko prest agertu ere bai». Dagoeneko hamabi galdera erantzun dituzte zerrendako hainbat politikarik. «Hasieran erabiltzaile baldintzak beteko ziren zalantza izan genuen, baina ikusi dugu herritarrak oso galdera onak egin dizkietela, eta erantzun batzuk ere zeresan handia izan dutela», adierazi du Aranzabalek.
Aurrera begira, politikarien zerrenda luzatzeko asmoa dute. Hain zuzen, guztira 100 politikari biltzea dute helburu. «Kongresuan hasi dugun ibilbideari jarraipena eman nahi diogu, eta hainbat parlamentu autonomikotaraino iritsi. Distantziagatik hori zailagoa izango da, beste autonomietara iritsi beharko genukeelako, baina horretan ari gara lanean buru-belarri», azaldu du Agirrek.