Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Erniarraitz Bertsozale Elkarteak I. Erniarraitz Bertso Kopa antolatu du. Lehenengo aldiz prestatu du egitasmoa, eta urtero maiatzan Azkoitian eskaini ohi dutensaioa ordezkatuko du. «Taldean sortu da egitasmoa prestatzeko ideia, gauza berriek beti izaten dutelako arrakasta», esan dute antolatzaileek.
Aurtengo udaberriko emanaldiak, beraz, formatu berria izango du, eta larunbatean 16 bertsolari izango dira Azkoitiko Elkargunean, horietako hamahiru Euskal Herriko Bertso Txapelketan lehiatutakoak: Iñigo Mancisidor, Jokin Uranga, Jon Martin, Amaia Agirre, Nerea Elustondo, Beñat Lizaso, Iratxe Ibarra, Felix Zubia, Oihane Perea, Eneko Abasolo Abarkas, Eneko Fernandez, Iban Urdangarin, Beñat Ugartetxea, Eneritz Artetxe, Josu Oiartzabal eta Eneritz Arzallus.
Kanporaketa bidez egingo dute txapelketa, 17:30eatik aurrera; bertsolariak ofizioka ariko dira, eta handik erdiak pasatuko dira hurrengo fasera. Kanporaketaz kanporaketa, hainbat eratako ariketak egingo dituzte.
Erniarraitzek esan duenez, txapelketak «formatu informala» eta «tabernako giroa» izango du. «Gure helburua ez da izan txapelketa serio bat prestatzea, lagunarteko saioa izango da». Hala, pintxoak eta edariak saltzeko barra jarriko dute. Sarrerak Elkargunean salgai egongo dira egunean bertan, bost eurotan, eta horrekin kontsumizio bat emango dute.
Antolatzaileek herritar guztiak animatu dituzte saiora. Biharkoak erantzun ona izaten badu, hurrengo urteetan egitasmoarekin jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute.