Iazko Udaberriko Musikaldia.
Maiatzarekin batera, Azkoitiko Santa Kutzeko komentua musika doinuek hartuko du beste behin. Bihar hasiko da Azkoitiko Udaberriko Musikaldia. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azkoitiko Udalak prest dute 23. aldia.
Larunbatero izango dira kontzertuak, eta udaleko kultur teknikari Jexux Agirrezabalagaren hitzetan, emanaldi bereziez gozatu ahal izango da beste behin. Egitarau anitza prestatu dute, eta kontzertu klasikoak eta garaikideak tartekatuko dituzte; lehenengo emanaldia Camara de Emporda 13 laguneko orkestrak eskainiko du bihar, Carles Coll-en zuzendaritzapean. Figuerasko (Katalunia) orkestrak musika jaialdi nagusienetan parte hartu izan du, eta musika barrokotik garaikidera arteko errepertorioa taularatuko du Azkoitian ere.
Sigma Proyect eta Kaabestri Ensemble eta Landarbaso abesbatzaren kontzertuak izango dira garaikideenak. Lehenengo taldea mugarri izateko asmoarekin sortu zen 2007an, eta itzal handiko lau saxofoi jotzailez osatuta dago: Andres Gomis, Angel Soria, Miguel Romero eta Josetxo Silguero dira horiek. Errepertorio sinfoniko berri baten alde egin nahian, soinuen gaineko azterketa egiten dute, teknologia berrietaz baliatuz. Kaabestri Ensemble orkestrak eta Landarbaso abesbatzak, berriz, hainbat garai eta estilotako piezak taularatuko dituzte.
Udaberriko Musikaldietan urtero ikusi denez, aurten ere ahotsak tarte berezia izango du, eta horretarako Jose Hernandez Pastor kontratenorea eta Manuel Minguillon artxilautea izango dira hilaren 24zan.
Autobusak, Santa Kutzera
Azkoitian 1992tik egiten da Musikaldia Santa Kutzen, eta urtero musika klasikoaren hainbat alor jorratu dituzte; «klasikoaren barruan, garaikideak eta fusioak entzun ahal izan dira», esan du Xabier Gantzarain Kultura zinegotziak. Hala, aurten ere musika eskaintza zabala izango dela azpimarratu dute. 18:30ean hasiko dira kontzertuak, eta doakoak izango dira. Ohi bezala, gainera, Santa Kutzeko komentura joateko autobus zerbitzua prestatu du udalak. 18:00etan abiatuko da autobusa, Eroski Consum aurretik.