Bihar goizean bi errefusa edukiontzi aztertuko dituzte Getariako frontoian

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko maiatzaren 9a

Getariako Konposta Plana aurkezten (Aiora Larrañaga/ Hitza) Getariako Konposta Plana sortu dute Urola Kostako Udal Elkarteak eta Getariako Udalak elkarlanean; alde batetik etxean konposta egiteko aukera duten etxebizitzetan konposta egin dezaten; eta, bestetik, auzoan konposta egiteko gaur egun martxan dauden auzokonposta guneei jarraipena egiteko. Getariako Udaleko zinegotzi Gorka Bordagaraik aurkezpenean azaldu du hiru lan ildo zehaztu dituztela planean. Bihar bertan jarriko dute martxan Getariako Konposta Plana. Kaleko bi edukiontzi jendaurrean hustu eta aztertuko dituzte, herritarrek errefusaren edukiontzira botatzen dituzten hondakinetatik zer birziklatu daitekeen ohartu daitezen. 11:00etan egingo dute ekimena.  «Landa eremuko eta herriguneko edukiontzi bana hartuko dugu. Edukiontziak frontoian irauliko ditugu eta bertan dagoena aztertuko dugu jendaurrean». Izan ere, birziklapen tasak «gora» egin duen arren, errefusaren edukiontzira birziklatu daitezkeen hondakin «asko» botatzen dela uste dute udal elkarteko eta Getariako Udaleko arduradunek. Autokonpostaren alde Bestalde, getariarren artean autokonposta sustatzeko kanpaina bat jarriko dute martxan. «Landa eremuan bizi diren familien artean egingo dugu lanketa». Urola Kostako Udal Elkarteak potentzialtasun azterketa egin du, eta oraindik autokonposta egiten ez duten familiekin harremanetan jarriko dira eta beren lorategian konpostagailua jartzea eskainiko diete. «Une honetan 40 familia ari dira etxean konposta egiten Getarian. Ekimenean parte hartu nahi duten familia berriei konpostagailua jarri eta konposta nola egin behar duten azalduko die teknikari batek». Hasiera batean, kanpaina landa eremuan egingo bada ere, herrigunean bizita lorategitxoa duten familiek ere jarri ahalko dute konpostagailua etxean. Horretaz gain, auzokonposta egitasmoari ere jarraipena emango diete. Auzoan konposta egiteko 4 eremu daude Getarian, eta Urola Kostako Udal Elkarteak eremu horien jarraipena egingo du aurrerantzean. «Aditua den teknikari baten bisita jasoko dute erabiltzaileek datozen hilabeteetan, gune bakoitza era egokian funtzionatzen ari dela bermatzeko eta zalantzak argitzeko», zehaztu dute. Autokonposta nahiz auzokonposta egitasmoetan izena eman nahi dutenek 943-55 48 74 telefono zenbakira hots egin edo konposta@urolakosta.org helbidera idatzi behar dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide