Urola Erdian Garbi kanpainaren aurkezpenean, Urola Erdiko Mankomunitateko eta Azkoitia, Beizama, Errezil, Bidania-Goiatz, Zestoa eta Aizarnazabalgo udaletako ordezkariak (Nerea Uranga/ Hitza)
Urola Erdian
Urola Erdian Garbi kanpainaren barruan, Aizarnazabalen, Azkoitian, Beizaman, Bidania-Goiatzen, Errezilen eta Zestoan hondakinen bilketa sisteman aldaketak egingo dituzte. Aldaketak, hondakinak ahalik eta gehien murriztu, berrerabili eta birziklatzeko, eta gaur egun baino emaitza hobeak lortzeko helburuarekin egingo dituzte. Hondakinak sailka bereizita jaso eta gutxienez %70eko gaikako bilketa lortzea espero dute Urola Erdiko Zerbitzu Mankomunitatekoek. Leire Etxaniz Urola Erdiko Mankomunitateko presidenteak esan duenez, aste honetan hasiko dira aldaketak herri txikietan, eta pixkanaka gainontzeko herrietara zabaltzea dute asmoa. Aldaketen berri gaur eman dute Beizaman.
Aurrena, herri txikiak
Aizarnazabal,
Beizama,
Errezil eta Bidania-Goiatz herrietako bilketa sistemaren berri Begoña Garmendia Beizamako alkateak eman du, eta esan du aurretik egindako lan baten emaitza dela: "Ez inprobisazio baten emaitza, prozesu luze baten emaitza da. Bakoitzaren herrian bakoitzak gure dinamikak garatu ditugu, partaidetza sistema baten bitartez. Gero, herri bakoitzak egokiena iruditu zaigun sistema aukeratu dugu". Herri txikiek aukeratu duten sistemarekin gustura dago Garmendia: "Guretzako oso ondo dator, bai populazio banaketa, herri egitura eta geure ohiturak kontutan hartzen dituelako. Zentzu horretan, herri txikietako hondakinen bilketa sistema gure ohiturekin eta gizarte ereduarekin bateragarriena da". Dagoeneko martxan jarriko da Beizaman eta Errezilen, eta "pozik" agertu da Beizamako alkatea, "hondakinen kudeaketaren arloan pauso garrantzitsu bat eman dugulako". Aizarnazabalen ere prest dute dena, baina azpiegitura arrazoiengatik Zestoakoarekin batera hasiko dira aldaketekin.
Herri txikietan hondakin organikoaren % 100 herrian bertan eta herritarrek kudeatuko dute, hau ez da edukiontzien bidez bilduko. Auto konposta edota auzo konposta bidez kudeatu beharko dute. "Hondakin organikoak norberak kudeatuko ditu bere baserrian edo etxe inguruan, eta aukera hori ez dutenentzako auzo konpostaren sistema egongo da", esan du Garmendiak. Beizamaren kasuan, auzo konposta gunea herriko sarreran jarri dute. Gainontzeko hondakinen bilketa bereizita egingo dute ekarpen guneen bidez. "Guretzako, ezinbestekoa zen birziklatzea, eta orduan hainbat ekarpen gune jarri ditu mankomunitateak, Beizaman esaterako bat jarri dute herrigunean, eta beste batzuk hainbat toki estrategikotan jarriko dira". Beira, ontzi arinak eta plastikoa eta errefusa jasotzeko edukiontziak egongo dira ekarpen gune horietan.
Zestoan ekainean hastekotan
Zestoan gaikako bilketa komunitarioa martxan jartzea udalean adostu zuten Bilduk eta EAJk. Ekainean dute aurreikusita sistema berria martxan jartzea. Zestoan bi eratara egingo dute bilketa. Alde batetik, herrigunean, Arroa Behean eta Iraetan bilketa komunitarioa egingo da; eta, gainontzeko auzoetan egingo dena.
Iker Azagirre Urola Erdiko Mnakomunitateko hezitzaileak azaldu duenez, herrigunean, Arroa Behean eta Iraetan bilketa komunitarioa egingo da, errefusa, hondakin organikoa eta ontzi arinak atariz atari jasoz. Horretarako 90 litroko ontziak jarriko dituzte atari aurreetan, eta hiru ordu ingurutan egongo dira. Gero, kamioiak jaso egingo ditu, "epe horretan herritarrak hondakinak gaika botatzeko aukera izango du, eta horretarako egutegi bat egongo da". Gainontzeko hondakinak, papera, kartoia eta beira gaur egun bezalaxe edukiontzien bidez jasoko dituzte. Errefusa astean behin jasoko dute, organikoa astean hiru aldiz, pixoihalak eta zelulosak astean sei aldiz (astelehenetik larunbatera) eta ontzi arinak astean bitan. Herrigunean larrialdi gune bat ere jarriko dute kasu berezietarako. Baina, hori erabiltzeko Zestoako Udaleko hondakinen informazio bulegoan (udaletxeko beheko solairuan dago) eskaera egin beharko da. Auto konposta edota auzo konposta egiten duten zestoarrek zaborraren tasan %25 hobaria jasoko dute.
Zestoako gainontzeko auzo eta landaguneetan, ekarpen guneak jarriko dituzte, eta bizilagunek txartel bat izango dute gune horietara sartzeko. Baina, hondakin organikoa norberak kudeatu beharko du, eta zaborraren tasan %25eko hobaria izango du.
Zestoan bilketa sistemaren aldaketak azaltzeko auzoz auzo bilerak egin dituzte. Bileretan herritarrengandik jasotako ekarpenak aztertzen ari dira udal ordezkari eta mankomunitateko hezitzaileak, "bilketa sistema bizilagunen beharretara egokitzeko". Informazio bulegoa ere dagoeneko martxan dago udaletxean: astelehen, asteazken eta ostiraletan 08:00etatik 15:00etara artean, eta asteartetan eta ostegunetan 09:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era dago zabalik. Bertako posta elektronikoa
zestoa@urolaerdia.org da.
Azkoitian sistema mistoa jarriko dute martxan udaran, urtebeteko partaidetza prozesu baten ondoren. Hondakinen informazio bulegoa bihar zabalduko dute eta bertan azalduko dituzte sistemaren nondik norakoak.
Azpeitian aztertzen ari direla, eta laster erabakiko denaren itxaropena dutela esan du Leire Etxanizek.