TS Fundicioneseko langileak: zutik, Angel Etxabe eta Francisco Naranjo. Eserita, Bertol eta Joxe Ramon Etxabe eta Luis Mari Izeta (Nerea Uranga /Hitza)
Kaleratze gutuna iritsi zain daude TS Fundicioneseko langileak egun hauetan. 156 langile ditu itxi berri den Zestoako lantegiak. Azken hilabeteak gogorrak izan dira, eta orain ere «gaizki» pasatzen ari direla diote beharginek.
TS Fundicioneseko langileak dira Angel Etxabe Azpeitian bizi den oikiarra, Luis Mari Izeta eta Francisco Naranjo zestoarrak eta Bertol eta Joxe Ramon Etxabe oikiarrak. Denek hamabi urte baino gehiago egin dituzte lan TSn. Izeta da gehiena egin dituena: 27 urte.
Gaizki pasatzen ari direla diote. Azken hilabeteotan sentimendu ugari izan dute: alde batetik, tristura, amorrua eta etsipena; eta, bestetik, aldiz, poza eta emozioa. Euren lan etorkizunaz «ilusio faltsurik» ez dute egin nahi: «50 urterekin, familiarekin, ikasketarik gabe eta gaur egun dagoen egoera ikusita, hobe ilusiorik ez eginda».
«Lana izan eta lanik ez dagoela esan digute. Lantegiko ekoizpena, enpresaburuek dituzten beste tailer batzuetara bideratu dute, geure muturren aurrean. Horrek amorrua ematen du», diote. «Benetan enpresak lanik ez balu, etsi-etsian langabeziara jo beharra edukiko genuke. Baina, ez da horrela izan: lana egon eta lanik gabe utzi gaituzte. Enpresaburuek Itziarren eta Agurainen dituzten beste enpresa handiagoak salbatzeko gurea itxi dute».
«TS ito egin dute»
TS itxi duena ez da krisia eta lan falta izan, «TS bi familiaren arteko borrokak itxi du», langileen ustez. «Sorazutarrak eta aizpuruatarrak dira jabeak, eta euren artean gehiengoa nork izan ibili dira bat egin zutenetik. Guda horretan, garai onean, euren buruari lehia eginez, beste bi lantegi handi ireki zituzten Itziarren eta Agurainen. Baina, azken hori martxan jartzerako krisiak harrapatu zituen. Orain, horiek salbatzeko TSn genuen lana hara eraman dute. Azken urte eta erdian TS ito egin dute», uste du Izetak.
Krisia zer den lehen ere ezagutu zutela diote oikiarrek. 1993. urtean ere krisiaren eraginez denbora batez lanik gabe egon ziren. «1993koa krisia zen, eta baita 2010ekoa ere, orduan lantegian lanik ez zegoen, eta neurri batzuk hartu beharra zegoela garbi zegoen. Oraingoan, lana izan eta lana kendu digute», diote Joxe Ramon eta Angel Etxabek.
Langileen ustez, TSk lanean segitzeko aukera bazuen, lanez gainezka ez zeudela aitortzen duten arren: «Krisiaren eraginpean, baina lanean ari ginen eta jarraitzeko moduan. Zorte txarra eduki dugu, bi familien haserreak kale gorrira eraman gaitu. Bete-betean izorratu gaituzte», dio Izetak. Angel Etxabe ere iritzi berekoa da, «TSri bere martxan lagata segitu egingo zukeen. Gu kalean utzi gaituzte, lotsagarria da».
Enpresaburuen aldetik TSko langileei irtenbide bat eskaintzeko asmorik ere ez dela egon diote: «Badakigu euren esku dauden beste lantegietan langileak hartu dituztela, baina gutako inori ez digute eskaini beste lantegietara joateko aukerarik. TSri eta bertako langileoi irtenbide bat emateko negoziatzerik ere ez dute nahi izan. Hartzekodunen konkurtsora jo dute, eta akabo».
Nagusien aldetik aurkeztutako Bideragarritasun Planak ere sinesgarritasunik ez du izan langileentzako. «Azkeneko planaren arabera, 50 langile kalera zihoazen, beste 50 urtebeterako etxera erregulazio espediente baten bidez, eta gainontzekoei soldata %25 jaistea proposatu zuten. Langile kopuru horrekin TSk ezin zuen aurrera egin. Gainera, plana aurkeztu eta hurrengo bileran likidazioa aurkeztu zuten». Oso gaizki tratatu dituztela diote langileek: «Ez dago izenik nola tratatu gaituzten esateko».
Bueltarik gabeko ahalegina
Langileek enpresa mantentzearen alde «nahiko ahalegin» egin dutelakoan daude. «Soldatak izoztuta izan arren, orain ere ahalegin bat egiteko prest geunden. Bagenekielako kalean geldituz gero lana aurkitzea zaila dela. Guk borondatea erakutsi dugu, baina nagusiek ez dute gurekin hitz egiterik nahi izan».
Baina, enpresaren alde egindako guztia gero euren kalterako izan da. «Gaizki, oso gaizki tratatu eta gero kale gorrian utzi gaituzte. Hainbat langile Lana Erregulatzeko Txostenarekin etxean zeuden bitartean, lau larunbatetan lanera joatera derrigortu gintuzten uztailean, eta pasa den abuztuan ere lana egin genuen, enpresaren onerako zela esanez. Eta, gero, hau: miseria».
Azken sei urteotan soldatak izoztuta eta lana erregulatzeko txostenen pean egon dira. «Bazetorrela, bazetorrela eta olatua harrapatu behar genuela sinestarazi digute. Bitartean, langabezia saria jaten joan gara. Orain, batzuk ia langabezia saririk gabe daude: batzuk hamabost egunekoa dute, beste batzuk hiru hilabete... Etorri behar zuen olatuak geu harrapatu gaitu».
Langile bakoitzaren egoera desberdina da, baina askorena larria da. Bertol Etxabek lau seme-alaba ditu, eta etxean zazpi senide bizi dira: «Emazteak ez du lanik egiten. Baserrian bizi gara, eta baratzean egiten dut, jatekoa bada ere ateratzeko». Naranjok ere seme-alabak ditu, eta bananduta dago, «bizi dudan egoera ez da batere samurra». Izetak, berriz, hiru seme-alaba ditu, «hala ere, emazteak lana egiten du». Dena den, etsita dago zestoarra, «hilda» aurkitzen dela dio: «Zer egingo dugu? 50 urterekin eta eskolarik ez daukagu. Baserritik lanera joan ginen, handik orain kalera bidali gaituzte. Ni hilda sentitzen naiz. Gainera, ez dut ilusiorik egin nahi. Nahiago dut hasieratik jan zer dagoen: hilda nagoela, alegia».
Urteetan TSn lanean jardutetik euren lanpostuen eta etorkizunaren alde borroka egitera pasatu dira azken hilabeteotan. Pankartak egin, manifestazioak antolatu, itxialdiak... «Kantzontzilotan ere jarri behar izan dugu». Denek oso gaizki pasatu dute. «Zer zetorkigun esan zigutenean oso gaizki pasatu nuen, ezin asimilatuta. Lana egon eta kentzen eta kentzen ari zirela ikusita denok oso gaizki pasatu genuen», dio Angel Etxabek.
Egoera oso tristea da. Zestoako enpresa handiena izan da TS, eta horrek eragina izango du: «Itxierak ez Zestoan bakarrik, baita Zumaian eta beste inguruko herrietan ere eragingo du».
Herrian tentsioa
Herriko giroan tentsioa dagoela diote. «Tentsioa nola ez da ba antzemango? Zestoan dagoen tentsioa beldurtzekoa da. Enpresako nagusiak herritarrak dira, eta hemen denok gara ezagunak. Kalera irten orduko egiten dugu topo. Lana eduki eta herritarrak kalean utzi gaituzte, pentsa nola sentitzen garen elkarrekin topo egindakoan. Eurek kulparik ez dutela diote, eta langileok al dugu ba kulpa? Guk ikusi ditugun gauzak ez sinestekoak dira. Lan egiteko materialik ere ez ziguten ekartzen, eta propio zorrak pilatu dituzte. Herrikoak izan arren, herrikoari ez diote eutsi». Izetak hala gaineratu du: «Herrian denok ezagutzen dugu elkar, eta asko lagunak gara. Enpresako nagusi batzuk, justu orain kalera bidali nautenak, nik lagun handiak izan ditut». Hala ere, herritarren babesa gertutik sentitu dute Zestoan.
«Guk bezain gaizki bukatuko duten lantegietako langileak gutxi izango dira». Hilabeteak soldata kobratu gabe, eta kalte ordainetan gehien jasoko dutenek 18.000 euro jasoko dituzte; gehienez 18 urte, eta urteko mila euro.
Azken mobilizazioa apirilaren 29an egin zuten TSko beharginek; lantegia okupatu, eta 48 orduko itxialdia egin zuten TS Fundicionesen. Maiatzaren 1ean utzi zuten lantegia. «Poz handia sentitu genuen orduan. Inguruko herritarren eta alkateen babes handia izan genuelako», esan dute denek aho batez.