Igerain parkea (Amaia Ventas/ Hitza)
Igerain eta Pilartxo Enea haur parkeak estaltzeko proiektu proposamenak jasotzeko prozesu bat jarri du martxan Zarauzko Udalak. Lehenbizikoa soilik gauzatuko dute, ordea, oraingoz; Pilartxo Eneako parkea estaltzeko proposamenak gorde egingo dituzte, etorkizunean egiteko. Proiektuak aukeratzeko lehiaketa antolatu du horretarako udalak. Irekia izango da, eta edonork hartu ahalko du parte.
Interesa dutenek dagoeneko aurkez ditzakete aurreproiektuak, ekainaren 4ra bitartean. Horretarako, Zarauzko Udaleko Erregistro Orokorrera jo beharko da, Etxezabalara, astelehenetik ostiralera 08:30etik 14:30era.
«Bi haur parkeak estaltzeko oinarrizko aurreproiektuak aurkeztu behar dira», azaldu du Mikel Goenaga Herrilan, Proiektu, Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotziak. Horiek puntuazio jakin bat jasoko dute ezarritako baldintzen arabera. Berrikuntza gisa, herritarren parte hartzea bultzatuko du udalak. Hala, herritarrek ere bozkatu ahalko dituzte proposamenak. Dena dela, prozesu horren xehetasunak ez dituzte zehaztu oraindik.
Proiektu onenek sariak
Lehiaketa egin ondoren, Pilartxo Enea haur parkea estaltzeko proposamenak udalaren esku geratuko dira. «Aurrera begira, beste parke bat estaltzeko dirutxo bat dugunean, ideia horiek aprobetxatu eta proiektua osatzea da asmoa», azaldu du Goenagak.
Igerain parkea estaltzeko boto gehien jasotzen dituen proiektua egiten duenak proiektua idatzi eta obrak zuzenduko ditu. Trukean 25.000 euroko ordainsaria jasoko du. Bigarren eta hirugarren sailkatzen direnek ere izango dute saria: 4.000 eta 3.000 euro, hurrenez hurren.
Pilartxo Eneako parkeari lotutako aurreproiektu irabazlearen egileak 5.000 euro jasoko ditu, bigarren proposamen onena egiten duenak 4.000 euro eta hirugarrenak, berriz, 3.000 euro.
Irabazleak proiektua idatzi ondoren erabakiko dute Igeraingo lanak nork gauzatuko dituen, eta jarraian obrekin hasiko dira. Herrilan, Proiektu, Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotziak aurreikusi du urte amaierarako hasiko direla lanekin. Inbertsioen atalean jasotakoaren arabera, obra osoak 316.000 euro balioko du, eta hainbat ataletan ordainduko dute; aurten 120.000 euro gorde ditu Zarauzko Udalak horretarako.