Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Erniozaleak kultur elkarteak eta Aiako, Errezilgo, Bidegoiango, Alkizako, Hernialdeko, Albizturgo, Asteasuko eta Larraulgo udalek elkarlanean, bederatzigarren urtez Herniopeko zortzi herrien arteko mendi ibilaldia prestatu dute iganderako. Aurten, Bidania-Goiatzetik hasiko dute ibilaldia, eta Hernio inguruko herriak zeharkatuko dituzte, tartean Errezil eta Aia. Hernioko inguruak eta haren «aberastasunak» ezagutarazi nahi dituzte, eta horretarako bi bide prestatu dituzte, bata luzea eta bestea motza. Luzeak zortzi herriak zeharkatuko ditu, eta 48,6 kilometrotako luzera izango du. 11 orduko ibilbidea da, eta 06:00etan abiatuko dira mendizaleak. Ibilbide motza, berriz, 25 kilometrotakoa izango da, eta bost ordu eta erdi iraungo du. Kasu horretan, mendizaleak 08:00etan abiatuko dira Bidania-Goiatzetik. Ibilbide horrek, Bidania, Errezil, Alkiza, Hernialdea eta Albiztur zeharkatuko ditu.
Parte hartzeko izena eman behar da www.erniozaleak.org webgunean edo irteera baino ordu bat lehenago Bidania-Goiatzeko frontoian, 15 euroren truke. Partaide bakoitzari txartel bat emango diote irteeran, kontrol postuetan zigilatu diezaieten. Ez dute sailkapenik esango.