Igandean da Azpeitian Izarraizko X. Lasterketa

Olatz Prat 2014ko maiatzaren 8a

Izarraitz Mendi Lasterketa, iaz
(Nerea Uranga/Hitza) Igande honetan, maiatzaren 11n, lasterkariz eta zalez beteko dira Izarraitz mendikateko txokoak. Izan ere, egun horretan egingo ute Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako Izarraizko X. Lasterketa. Goizeko 10:00etan hasita, maratoi erdiaren luzera (21.2km) izango duen ibilbidea osatu beharko dute lasterkariek. Gaur da lasterketan parte hartzeko izena emateko azken eguna, eta www.kirolprobak.com helbidearen bitartez egin behar da. Txip horidunek 13 euro ordaindu beharko dituzte eta 15 euro, berriz, txip zuridunek. 350 lasterkarik hartu ahal izango dute parte gehienez. Plazatik abiatuko da lasterketa, eta lehen jomuga Xoxoteko aterpea izango da; handik Azkoitia aldera jaisten hasi eta Kakutera igo beharko dute. Ondoren, Erlorantz abiatuko dira eta, behin ibilbideko puntu gorena pasata, Azpeitiko enparantzarako jaitsiera egin beharko dute Oranda ingurutik. Ibilbidearen gutxieneko altuera Azpeitian (85m) eta garaiena Erlon (1.026m) bada ere, 3.320 metroko malda igo beharko dute guztira parte-hartzaileek. Ibilbidean zehar lau denbora kontrol izango dituzte, hiru janari gune eta lau edari gune. Poltsak uzteko lekua eta dutxak erabilgarri izango dituzte parte-hartzaileek Izarraitz pilotalekuan. Lasterkariak bidean ibiliko direnez, autoek ezingo dute Urreta baserriaren eta Takolo baserriaren artetik pasa, 09:50etik 10:30era bitartean. Sariak denentzat Sari ugari banatuko dituzte parte-hartzaileen artean. Senior mailako lehen gizonezkoak eta emakumezkoak txapela, garaikurra eta 300 euro eskuratuko dituzte. Bigarren sailkatuek 200 euro eta garaikurra irabaziko dituzte, eta hirugarren sailkatzen direnek 100 euro eta garaikurra. Laugarren sailkatzen direnentzat 50 euroko dirusaria egongo da. Bestalde, 150 euro jasoko dituzte orain arte ezarrita dagoen marka gainditzen dutenek. Fernando Etxegaraik du gizonezkoen marka (01:54:44) eta Nerea Amilibiak du emakumezkoena (02:26:23). Lehen azpeitiarrak ere sari berezia eskuratuko du, baita Urreta Txikin (2. km) aurrenak sartzen diren gizonek eta emakumeek ere. Dena den, parte-hartzaile guztiek jasoko dute oparidun poltsa bana, eta amaieran opariak zozkatuko dituzte. Bi urtez behin antolatzen du Lagun Onak Mendi Bazkunak lasterketa hau. Duela bi urteko ekitaldian, Walther Becerra eta Maud Combarieu izan ziren txapeldunak, Xabat Manzisidor eta Nerea Amilia azpitxapeldunak, eta Enekoitz Aizpuru eta Yolanda Gurendez hirugarrenak. Manzisidor bera izan zen lehen azpeitiarra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide