Ibon Berasaluze: "Ondo pasatzea da pilota jaialdiaren helburua"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko maiatzaren 7a

Ibon Berasaluze (Aiora Larrañaga/ Hitza) Ibon Berasaluze (Orio, 1986) oriotarra da egitasmoaren antolatzaileetako bat, eta larunbat arratsaldean oriotarrak frontoira hurbiltzera animatu nahi ditu. Zer dela eta antolatu duzu Pilota Jaialdia? Aurten sortu da egitasmoa. Euskal Herriko herri guztietan jokatuko dira pilota txapelketak euskal presoen sakabanaketa salatzeko. Herri bakoitzak askatasun osoa izan dugu kirol ekitaldiak nola antolatu erabakitzeko; eskuz, palaz edo erremontean, bakoitzak erabaki du. Guk eskuz binakako txapelketa antolatzea erabaki dugu, ahal den herritar gehienek parte hartu dezaten. Aldarrikapena izango da, beraz, jaialdiaren asmoa? Bai, oriotarrak kontzientziatu nahi ditugu euskal presoen senideek eta lagunek sufritu behar duten bidegabekeriaz. Neu, esaterako, duela gutxi Alacanten (Herrialde Katalanak) izan nintzen preso bat bisitatzen, eta dirutza gastatu behar izan nuen bertara iristeko. Horretaz gain, presoen senideek milaka kilometro egin behar izaten dituzte errepidean, eta hori oso arriskutsua da eurentzat. Festa giroan jokatuko duzue jaialdia, hala ere. Hori da gure asmoa. Lehenengo, 16:00etan hasita, herritarren arteko eskuz binakako txapelketa azkarra jokatuko dugu; partida motzak izango dira, sei puntura. Herriko bertsolariek girotuko dute txapelketa, eta ez da adarjotzerik faltako. Parte-hartzaileek irabazteko grina alde batera utzi eta bertaratzen garenok ondo pasatzea da jaialdiaren helburua. Adin guztietako herritarrak izango dira ongi-etorriak. Oriotarrok ordu asko pasa izan ditugu ume garaian frontoian, eta hobeto edo okerrago, denok dakigu pilotan jokatzen. Beraz, oriotarrak txapelketan izena ematera animatu nahi ditugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide