Euskal preso politikoen sakabanaketa salatzeko pilota jaialdia antolatu dute Orion

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko maiatzaren 8a

Euskal presoen sakabanaketa salatzeko eta herritarrak horretaz kontzientziatzeko Pilota Jaialdia antolatu dute Orioko pilotalekuan larunbat arratsalderako. Jai giroa eta aldarrikapena izango da festaren muina. «Ez da diru konturik egongo. Parte-hartzaileek ez dute ezer ordaindu beharrik txapelketan parte hartzeko, eta irabazleek Kolon Txikin afari bat irabaziko dute», azaldu du Ibon Berasaluze antolatzaileak. Pilota txapelketa azkarrean izena eman nahi dutenek horretarako aukera izango dute Kolon Txiki tabernan bertan, larunbat goizera arte. Pilota txapelketa azkarraz gain, afizionatu mailako pilotariek erakustaldia ere emango dute. Paleta larruz partida jokatuko dute bi bikotek, eta eskuz binaka ariko dira beste bi. Amaitzeko, saiheski errea eta sagardoa txotxetik egongo dira bertaratzen direnentzat, trikitilariek eta bertsolariek girotuta. Pilota Jaialdia Maiatzak 10, larunbata - 16:00etan, eskuz binakako txapelketa azkarreko partidak jokatuko dituzte. - 17:00etan, paleta larruz, afizionatuen partida jokatuko dute: Dabid Arozena eta Jon Arruti, Ibon Eskisabel eta Tibur Etxeberriaren aurka. - 18:00etan, eskuz binaka, afizionatuen partida izango da: Aritz Lertxundi eta Julen Urruzola, Xabier Santxo eta Iñaki Errazkinen kontra. - Ondoren, Orioko eskuz binakako txapelketako finalak. - Azkenik, jaialdia jai giroan amaitzeko saiheskia parrillan eta txotxetik sagardoa, frontoian bertan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide