Udaleko, futbol federazioko, Lagun Onak elkarteko eta Euskal Selekzioko azpeitiar jokalari ohiak, gaur, agerraldian
(Ane Olaizola)
Futbol zaleek hitzordu berezia izango dute larunbatean, maiatzaren 10ean. Nazioen ofizialtasuna aldarrikatzeko, emakumezkoen Euskal Selekzioaren eta Irlandaren arteko partida jokatuko dute, Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian. 18:00etan izango da partida, eta besteak beste Eguzkine Peña futbolari azpeitiarra lehiatuko da bertan.
Euskal Selekzioarekin jokatuko duen lehenengo partida izango da azpeitiarrarena, eta gustura da bere debutaren aurrean. «Ilusio handia dut, ez nuen inondik inora espero hautatua izaterik». Lehen saioa etxean jokatzea «izugarria» dela esan du; «nire helburu nagusia nire familiak eta gertukoek gozatzea da». Irlanda Munduko Kopa ari da jokatzen, baina azpeitiarrak esan du etxeko taldea «ahalik eta lan onena» egiten saiatuko dela.
Gaur egin duten agerraldian eman dute partidaren berri, eta han izan dira Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Manuel Unanue udaleko kiroletako batzordeburua, Mikel Etxarri mutilen Euskal Selekzioko hautatzailea, Ramon Azkarate Euskal Herriko futbol federazioko ordezkaria eta Lagun Onak futbol elkarteko kideak. Peñaz gain, Euskal Selekzioan ibilitako futbolari azpeitiar batzuk ere izan dira, besteak beste Miriam Arrieta, Oihana Unanue, Nagore Alberdi, Leire Barrena, Aiora Iriarte, Olatz Yeregi, Kristina Fernandez, Maite Iriarte, Juan Antonio Larrañaga, Mikel Aranburu, Mikel Labaka, Jon Orbegozo eta Hodei Tena. Herritarrei dei egin diete partidara bertaratu daitezen. Lagun Onakoek eman arrazoitu zuten eskaera: «Garrantzitsua deritzogu horrelako aukera bat herrian izanik, Azpeitiko herriak eman beharreko erantzuna partidaren neurrikoa izatea, eta Garmendipera ahalik eta jende gehien hurbiltzea, geure selekzioa animatzera».
Sarrerak dagoeneko eros daitezke Garmendipeko leihatilan 18:00etatik 20:00etara etzi arte, eta larunbatean partida hasi bitartean. Zutik ikusteko sarrerak bost euroan salduko dituzte, eta eserita ikusteko sarrerak, berriz, zazpian.
Partidaz gain, egun osoko ekintzak izango dira larunbatean Azpeitian. Izan ere, 13:30ean udalak harrera egingo die bi selekzioetako ordezkariei, udaletxean. Ondoren, bazkaria egingo dute autoritateek, eta jokalariak Garmendipen itxiko dira 16:15etik 16:30era artean. Garmendipeko ateak irekitzean, partida hasi aurretik ekitaldi bat egingo dute, 17:45ean; aurreskua egin ondoren, Amets Arzallusek eta Maialen Jujanbiok bertso bana abestuko dute, eta amaitzeko bi nazioetako ereserkiak entzun ahal izango dira. Era berean, Lagun Onak elkarteak aurreratu du ikurrinarekin edo Euskal Selekzioaren koloreak dituen elastikoarekin joaten direnek zozketa berezi batean hartu ahal izango dutela parte. Euskal Selekzioko hiru elastiko eta jokalariek sinatutako bi baloi zozkatuko dituzte. Horretarako, bertan jarriko duten mahai batean eman beharko da izena.