Red Bull Rivals surf erronkak Kanariar Uharteko surflariak eta Iberiar penintsulako surflariak aurrez aurre jarri ditu. Lehen proba apirilaren 22an jokatu zuten Kanaria Handian, eta Gony Zubizarretak gidatutako penintsulako taldea nagusitu zen. Zubizarretaren taldean Indar Unanue zarauztarra aritu zen lehian, free-surfer kategorian, eta bere norgehiagokan Antonio Marques hartu zuen mendean. Hasiera batean bigarren suflari zarauztar batek ere hartu behar zuen parte egitasmoan, baina azkenean bere ordez Pablo Solar aritu zen.
Erronkan surflari bakoitza bere kategorian lehiatu zen, eta amaitzeko taldeka ere bai. Bi metroko olatuez gozatu zuten parte-hartzaileek, maila handiko surfa erakustaldia eskainiz, eta, azkenean, Unanue eta lagunek osatutako taldea izan zen nagusi. Egitasmoko bigarren eta azken proba, itzulikoa, Iberiar penintsulan jokatuko dute urrian. Edonola ere, tokia eta data zehatza erabakitzeko dago oraindik.