Denboraldiko proba garrantzitsuenetakoa da Itxas-Gaineko piraguistentzat eta lana gogor egin dute ahal bezain ondo prestatzeko. Europako Maratoi Txapelketarako txartelak egongo dira jokoan Badajozen. Maiatzaren 10eko asteburua gorriz dago azpimarratuta Itxas Gainen egutegian azaroan denboraldia prestatzen hasi zirenetik. Kadete, jubenil, senior eta beteranoen Espainiako Maratoi Txapelketa jokatuko da Badajozen (Extremadura, Espainia), eta Itxas Gaineko arduradunek estropada horri begira antolatu dute kirolarien prestakuntza eta lehiaketa egutegia. Euskadiko Maratoi Txapelketan emaitza bikainak lortu ondoren –urrezko domina bat baino gehiago–, Espainiakora itxaropentsu doaz, are gehiago jakinik Europako Txapelketarako txartelak daudela jokoan. “Neguko entrenamenduak oso gogorrak izan dira, batez ere negu gordinean, baina piraguistek erakutsitako gogoa eta ardura txalotzekoak izan dira”, adierazi dute klubetik. Kadeteen entrenatzaile Ander Tolosak azpimarratu du orain arte jokatutako estropadetan “maila altua eta lehiarako grina” erakutsi dutela; jubenilen arduradun Xabier Osak ere goraipatu egin ditu bere piraguistak. Galizian jokatu berri den Kopa 1000 proban, mutilen K4a seigarren izan zen finalean. “Kontuan hartzen badugu jubenil mailako gaztetxoenak direla eta maratoiko distantzietarako prestatu ditugula, emaitzak primerakoak izan dira”. Tamalez, lesioak, ikasketak eta lana direla medio, talde osoak ezingo du Badajozera bidaiatu. Han izango dira Helene Carmona, Amaia Ortiz de Zarate, Felix Uranga eta Mikel Casquero kadeteak; Irati Osa, Unai Azkune, Martin Egaña, Imanol [...]