AZPEITIKO PLAZA
Herri galdeketa bidez erabakiko dute azpeitiarrek zer nolako plaza nagusia nahi duten. Aho batez onartu zuen atzo udalbatzak erabakia herritarren esku uztea eta galdeketarako data jarri dute dagoeneko:
ekainaren 13, 14 eta 15a.
Udal ordezkari guztiek argi zeukaten noiz edo noiz heldu behar zitzaiola plaza eraberritzeko proiektuari, izan ere, Hamaikabateko Aitor Arangurenek adierazi zuen moduan "plaza herriko zentroa da, gauza asko egiten dira bertan, baina bizitasuna galdua du eta zahartu egin da". Berritu beharraz jabeturik, egitasmoa hirigintza batzordeetan landu dela azaldu zuen Aitor Gorrotxategi EAJko zinegotziak atzo prentsaurrean: "herriko arkitektoei proiektuak eskatzea erabaki zen, sei proiektu aurkeztu ziren eta horietatik hiru baztertu egin behar izan ditugu teknikoki ez zirelako bideragarriak". Beraz, hiru proiekturen artean erabaki beharko dute herritarrek. Izan ere, proiektuek baldintza batzuk bete behar zituzten, besteak beste, plazan egiten diren jarduerak egiten jarraitu ahal izatea: sokamuturra, danborrada, azokak, etab.
Galdeketak hauteskundeetako prozedura bera izango du eta
16 urtetik gorako herritar guztiek eman ahal izango dute euren iritzia.
Hiru galdera egingo dira:
1. Oinezko plaza nahi duzu? BAI/EZ
2. Kioskoa nahi duzu plazan? BAI/EZ
3. Hiru proiektu hauetatik zein da gehien gustatzen zaizuna?
Eneko Etxeberria alkateak adierazi zuenez "erabat errespetatuko da herritarren erabakia, konpromiso osoa hartzen dugu, noski, erabakitzen dena onartzeko". Hala, behin erabakia hartzean, berehala jarriko da martxan eraberritze prozesua. Gainera, interes berezia duten herritarrei (Alde Zaharreko dendariak, tabernariak, bizilagunak…) hirigintza batzordean parte hartzeko aukera emango zaie, "proiektua denen artean biribiltzen joateko". 2014ko Udal aurrekontuetan 500.000 euroko partida onartu zen plaza eraberritzeko.
Hemendik egun batzuetara jarriko dira jendaurrean proiektuen argazki eta zehaztasunak, herritarrek bozketa egunaren aurretik haiek aztertu eta euren hautua egin dezaten.