Iñigo Peña piraguista (Gorka Zabaleta/ Baleike)
Hamasei urte zituela gurasoen etxea utzi eta Madrilera (Espainia) joan zen bizitzera Iñigo Peña piraguista zumaiarra, Blume erresidentziara. 2006an hartu zuen erabakia, aurreko denboraldian Espainiako kadete onena izan zelako Espainiako Piraguismo Federazioak aukera eskainita. Zortzi urte daramatza piraguarentzat bizitzen, amets bakarrarekin: Olinpiar Jokoetan parte hartzea. Londresko Jokoetarako ez zen sailkatu, baina Brasil dauka orain jomugan. «Oso zaila da Olinpiar Jokoetara sailkatzea, baina orain bide onetik goaz. Talde sendoa osatu dugu, eta elkarrekin lan egiteko aukera eman digute», azaldu du Peñak.
Bi urte daramatza Javier Hernanzekin, Oscar Carrerarekin eta Rodrigo Germaderekin Espainiako lauko piragua osatzen. Iaz laugarren izan ziren Europako Txapelketan, eta zortzigarren Mundialean. «Aurten askoz hobeto gaude. Dagoeneko bigarren urtea dugu elkarrekin lanean, urritik gogor entrenatzen ari gara, denok oso sasoi onean gaude eta itxaropen handiak dauzkagu».
Denboraldiko nazioarteko lehen hitzordu garrantzitsuan iritsi da, hain zuzen ere, egiten ari diren lanaren lehen fruitua. Munduko Kopako proba jokatu dute Milanen (Italia), eta laukoteak urrezko domina irabazi du 1.000 metroko distantzian. «Bagenekien dominen lehian egoteko gai ginela, baina garaipena ezustean etorri da. Oraindik kostatzen zait sinestea».
Uste baino errazago irabazi zuten finala, bigarren izan zen Italiari bi segundoko aldea aterata. Eslovakia izan zen hirugarren.
Italian garaipen handia lortuta, hamar egun barru Txekiar Errepublikan dute hurrengo erronka. «Munduko Kopako bigarren proba jokatuko da. Dominen lehian segitzea da gure intentzioa». Hala ere, abuztuan daukate urteko hitzordurik garrantzitsuena. «Munduko Txapelketa jokatuko da Moskun, eta hori da denboraldi osoko helburu nagusia, gure lan guztia hura prestatzera dago bideratua».