Asobal ligara igotzeko fasea jokatuko du lehen aldiz Amenabarrek

Aritz Mutiozabal 2014ko maiatzaren 7a

Amenabarrekoak, denboraldiko partida batean (Argazkia: Zarauzko Eskubaloia) «Lortu duguna historikoa da, eta goza dezagun momentuaz». Asteburuan ligako azken partida jokatuko du Amenabar Zarautz eskubaloi taldeak, baina denboraldia ez zaie orduan bukatuko. Asobal ligara igotzeko fasea jokatuko du estreinakoz bere ibilbide luzean, egindako denboraldi txukuna biribilduz. Joan den larunbatean Handbol Bordils taldearen aurka 28-24ko emaitzarekin galdu zuteen zarauztarrek, baina emaitza gutxienekoa izan zen. Sailkapenean aurkari zuzenak zirenek kale egin zuten, eta partida aurretik igoera faserako sailkatuta zeudela jakin zutenez, beste aldarte batekin aritu ziren jokoan. «Zarauzko eskubaloiarentzat sekulako balentria da, Asobal ligan inoiz jokatu ez duelako eta halako igoera fase bat jokatuko duen lehen aldia izango duelako. Hitz handiak dira hauek, zalantzarik gabe», adierazi du Amenabar Zarautz taldeko entrenatzaile Aitor Urbitarte Txangurro-k. Errespetu handia diote datorrenari, baina era berean gogotsu daude. «Hasierako helburua mailari eustea zen, eta gauzak oso ongi atera zaizkigu denboraldian zehar. Orain, aukera hau suertatu zaigu, baina presiorik gabe helduko diogu, eta ongi pasatzera abiatuko gara. Hortik aurrera, sari potoloa lortuz gero, ikusiko genuke zuzendaritzaren aldetik eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik ea posible litzateken datorren denboraldian Asobalen aritzea». Lau talderen artean Liga bukatuta, lehen sailkatua maila gorenera igoko da zuzenean, eta hurrengoko lau taldeek jokatuko dute kanporaketa. Une honetan, Bartzelona B dago buru sailkapenean, baina honek ezin du Asobalera igo lehen taldea jada liga gorenean ari delako. Hori horrela, bigarren sailkatuak lortuko luke txartela; azken jardunaldiaren faltan hiru daude 37na punturekin berdinduta bigarren postutik laugarrena –Zamora, Alcobendas eta Benidorm–, eta horietako bat izango da zuzenean igoko dena. Txartela lortzea bideragarri ikusten dute, gainera. Zamorari ligako bi partidak irabazi dizkiogu, eta Benidorm ere mendean hartu genuen Zarautzen. Alcobendasen aurko biak, ordea, galdu egin ditugu. Edonola ere, partida batera edozer gerta daiteke». Amets hutsa baino aukera gehiago dituzte. «Talde oso gaztea dugu, eta ikusi beharko dugu egoera berriari nola erantzuten dion. Lasai-lasai jokatzeko eta eskubaloiaz gozatzeko esan nien, egoera historikoa delako eta ez dugulako ezer galtzeko». Igoera fasea maiatzaren 24an eta 25ean izango da, eta azken jardunaldiak erabakiko du non jokatuko den. Hirugarren sailkatuaren etxean izango da, eta aukera ge­hien Alcobendasek eta Benidormek dituztela nabarmendu du Txangurro-k. Maiatzaren 24an finalerdiak jokatuko dituzte, eta maiatzaren 25ean finala. Taldeak sailkapenaren arabera parekatuko dituzte finalerdietan: hirugarren sailkatuak seigarrenaren aurka neurtuko lituzke indarrak, eta laugarrenak bosgarrenaren aurka. «Gure helburua laugarren edo bosgarren geratzea da, bestela etxekoen aurka jokatu beharko genuke beraien kantxan, eta hori saihestu egin dugu». Aurtengoa Espainiako ohorezko zilar mailan lehiatu den bigarren denboraldia izan da Amenabar Zarautzenatzat. Iaz, lehen urtean, ozta-ozta eutsi ahal izan zioten mailari, azkenaurreko jarduanaldian lortuz salbazioa. Aurten, guztiz kontrakoa gertatu zaie. «Gauzak ongi atera zaizkigu eta hor goian kokatu gara». Denboraldi erregularra Denboraldi osoan «oso erregularra» izan da taldea, eta ongi eginaren fruitua jasotzen ari dira orain. «Etxetik kanpo irabaztea oso zaila da, bidaia oso luzeak egin behar izan ditugu; Galizira edo Andaluziara, esaterako. Gure eskubaloi taldea ez da profesionala, eta ez da erraza partida horiek gure lanbideekin bateratzea. Baina hasiera txukuna eman genion, eta horri eutsi diogu astero-astero. Ligako lehen itzulirako ziurtatuta geneukan maila». Xabi Letamendiarekin batera taldea entrenatzen aritu ondoren, aurten bakarka heldu dio Txagurro-k taldearen gidaritzari. «Hasieran nire zalantzak izan nituen, taldea oso justuan zegoelako; izan ere, jokalari batzuek utzi egin zuten. Azkenean, animatu egin nintzen, etxekoe eta zuzendaritzaren babesarekin, eta erronkari heldu nion. Azkenean, Anaitasuna taldeak utzitako pare bat jokalarirekin, Dabid Agirrezabalaga berreskuratuta eta beheko taldetik beste jokalari batzuk igota taldea indartu ahal izan genuen, eta badirudi teklarekin asmatu dudala».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide