Aiako Lardizabal Eskolako saskibaloi taldea, artxiboko irudian, partida bat jokatzen (Lardizabal Herri Eskola)
Gaur 18:30ean Salatxo aretoan eskola kirolaren inguruko hitzaldi bat antolatu dute Orioko Curriculuma taldeko kideek. Hizlariak Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendari oriotarra eta Eneritz Mayora Eskola Kirolaren Aldeko Plataformako kidea izango dira.
Orioko Curriculuma taldeko kideentzat kirola garrantzitsua da haurren heziketan: «Alde batetik, bizitzan zehar presente izan behar diren balio ugari transmititzen dira kirolaren bidez; eta bestetik, haurraren garapen fisikoan eta psikologikoan laguntzen du», azaldu dute.
Dena dela, horretarako, eskola kirola landu egin behar dela uste dute, trataera egoki bat izan dezan. «Haurren beharrak ulertzen dituzten entrenatzaileak eta arduradunak behar dira, eta horretarako, eragileen formakuntza ezinbestekoa da».Orioko kirol eragileak eta gurasoak bertan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte. «Gurasoak kalitatezko eskola kirolaren premiaz kontzientziatu nahi ditugu. Haurrak eskolan irakasleekin ordu asko egoten dira, baina aisialdi jardueretan ere ordu asko pasatzen dituzte, eta garrantzitsua da eskolaz kanpo ere haurrek eredu egokiak izatea».
Nola landu kirola?
Taldeko kideek Orioko Curriculuma lau atal nagusitan banatzea erabaki zuten; euskara, natur zientziak, gizarte zientziak eta musika. Dena dela, antolatzaileek bazekiten bazeudela gaiak atal guztietan jorratu nahi zituztenak. «Ikusi genuen gai batzuk zintzilik geratzen zirela gure antolaketan, eta horiek hezkuntza proiektu osoan kontuan hartzea erabaki genuen. Hezkidetza [parekidetasuna] da horietako bat».
Kirolak berak ere zalantzak sortu zizkien Orioko Curriculuma taldeko kideei. «Ez genekien arlo horretan zein izan zitekeen gure papera. Nahikoa al da Orioko haurrek herriko zein kirolari ezagutu behar duten zehaztearekin? Hori oso azalekoa iruditu zitzaigun». Horregatik, urrats bat aurrera eman eta Zarauzko Eskola Kirolaren Aldeko Plataformako kideen filosofiaren berri izan zutenean, Orion hitzaldi bat antolatzea erabaki zuten. «Iruditu zitzaigun ahalbidetu genezakeela Eskola Kirolaren Aldeko Plataformako kideen esperientzia herrira ekartzea, eta hortik abiatuta eskola kirolaren aldeko mugimendurik sortzen bada herrian, izan dadila kirol eragileek nahi dutelako», azaldu du Iñigo Gaitonek.