Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etxegabetzeen arazoari irtenbide bat emateko asmoz, Azkoitiko Udalak laguntza juridikoa eskainiko die aurrerantzean herritarrei, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak hitzartutako akordioarekin bat egin eta gero. Udalak aurreratu duenez, datozen asteetan jarriko du martxan zerbitzua, eta jarraipena egiteko batzorde bat eratuko dute.
Gehiegizko zorpetzearen ondorioz, etxebizitza galtzeko edo gizartean baztertuta geratzeko arriskuan dauden herritarrek jaso ahal izango dute zerbitzu hau. Udaleko Gizarte Zerbitzuek eramango dute aurrera laguntza juridikoa, eta doakoa izango da. Banketxeen eta etxebizitzaren jabeen arteko prozesu judizialera iritsi aurretik, prebentzio lana indartu nahi dute tresna horren bidez. Izan ere, udalak jakinarazi duenez, Azkoitian oraindik ez da gertatu etxe kaleratzerik, baina horretarako «arriskua» badagoela ohartarazi du.
Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren iritziz, gainera, etxe kaleratzeen kasuen «ehuneko garrantzitsu bat» prozesu judizialaren aurretik konponduko litzateke, eta aldundiaren arabera, «doako justiziak sarbide oso mugatua du, eta horregatik interesdun askok ezin dute zerbitzuaz baliatu». Hala, aurretiazko laguntza hori bideragarria izango da arazoa konpondu ahal izateko.
Herritarrak informatzea ezinbestekotzat jo du Azkoitiko Udalak, eta horregatik, zerbitzua martxan jartzeaz gain, datozen asteetan horren inguruko hitzaldia eskaintzeko asmoa azaldu du.
Etxe kaleratzeen kasuan, banketxeek zordunei ohartarazten die hamabost eguneko epean zorra kitatzen ez badute, salaketa jarriko dutela. Zordunak erantzun ezean, epea beste hogei egunez luzatu daiteke. Beraz, erakundeek azpimarratu dute laguntza juridikoa «lehenbai-
lehen» eskuratu behar dela.
Hori hala, epaiketa saihestea eta banketxeekin ados jartzea lortu nahi da zerbitzuarekin, zorduna ez dezaten etxetik kaleratu. Aholkularitza zerbitzua jasoko dute udaletxeko Gizarte Zerbitzuetara jotzen dutenek. Herritar gisa, legez dituen eskubideak jakinaraziko dizkiote herritarrari. Banketxe edo erakunde eta zordunen arteko «indarra» orekatu nahi dute, beti ere bigarrengoen alde. Hala, zorra baldintza onetan negoziatzeko laguntza emango diote gaian «prestakuntza berezia» duten abokatuek.
Zerbitzua, laster
Udala aurreko astean atxikitu zen aldundiaren eta abokatuen elkargoko hitzarmenera, udalbatzak onartu ondoren. PSE-EEk ez beste udal talde guztiek zerbitzuaren alde bozkatu zuten. Miguel Reimundez PSE-EEko bozeramailearen ustez, «beharrezkoa» da halako zerbitzuak ematea herritarrei, baina udalak onartu duenak «ez du inolako funtsik», eta ezerezean geratuko delakoan da. Udalak gaiaren inguruko protokoloaren zirriborroa egina du, baina ez dago indarrean. Iaz foro bat abiatu zuen hura lantzeko, eta bilerak egin zituen herriko hainbat eragileekin, STOP Kaleratzeak plataformarekin eta banketxeekin.