Emakumeak ere musikaz blai

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko maiatzaren 7a

Musikaz eta feminismoaz hausnartzeko antolatu dute larunbaterako Mefsst Musika Errebolta Feminista 2 jardunaldia Zarautzen. Pasa den urtean egitasmoak izan zuen harrera ona ikusita, iazko hausnarketa abiapuntutzat hartuta lan ildoak zehaztuko dituzte. Jardunaldiekin emakumeen ahalduntzea bultzatu nahi dute musika sortzerakoan, jotzerakoan, entzuterakoan, dantzatzerakoan eta soinua jartzerakoan. Iaz emakumeek Euskal Herriko punk-rock eszenan duten papera aztertzea izan zen jardunaldiaren erronka nagusia, eta antolatutako ekintzei esker, bertaratu zirenek esperientziak eta sentipenak partekatu zituzten. «Jardunaldian egindako hausnarketetan oinarrituz, Euskal Herriko punk-rock eszenaren argazkia irudikatu eta bertan eragin ahal izateko makina bat proposamen bildu genituen», azaldu dute antolatzaileek. Hitzetatik ekintzetara Larunbateko jardunaldiarekin hitzetatik ekintzetara pasatzea da antolatzaileen asmoa. «Jakin badakigu Euskal Herriko punk-rock eszenaren inguruko irakurketa feministatik abiatuta, testuinguru hau eraldatzeko ekintza zuzenak beharrezkoak ditugula. Iaz hasitako ibilbidean aurrera egiteko eta urrats berriak eman nahi ditugu». Horregatik, hitzetatik ekintzetara pasatzen lagunduko dieten ekintzak antolatu dituzte. Jardunaldiei hasiera emateko Aran Vicedoren eskutik musika ekipo baten muntaiaz eta erabileraz ikasteko parada izango dute parte-hartzaileek. «Alderdi teknikoarekiko ditugun beldurrak uxatu eta kable artean ahalduntzeko eta ondo pasatzeko aukera ezin hobea izango dugu». Arratsaldean Euskal Herrian estreinekoz Tomar el escenario dokumentala proiektatuko dute, eta Elena Idoate egilearekin iritziak partekatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Dokumentalak musika alternatiboan parte hartzen duten emakumeen esperientziak eta bizipenak jasotzen ditu. Rol eta estereotipo sexistei muzin egin eta beraien lekua defendatu eta aldarrikatu duten emakumeen testigantzak ezagutaraziko dituzte. Gauean kontzertu eta dj emanaldiak antolatu dituzte lepo nahiz barruak askatzeko saioak. Izan ere, argi dute: «Dantzarik egin ezean, hau ez da gure iraultza!» G Mefsst 2 jardunaldia Maiatzak 10, larunbata. Gaztetxean - 11:00etan soinu teknikari ikastaroa eskainiko du Aran Vicedok. - 18:00etan Tomar el escenario dokumentalaren aurkezpena Elena Idoate egilearen eskutik. - 22:00etan kontzertuak eta dj emanaldiak izango dira. Pitu Kaleya, Molly G, Hijas del no eta Las Kasettes musika taldeak igoko dira oholtza gainera. Horretaz gain, Korta y pega eta Conectate Linda: Patty Hearst vs. Taco de Raya dj-ek emanaldia eskainiko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide