Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Erniozaleak kultur elkarteak eta Aiako, Errezileko, Bidegoiango, Alkizako, Hernialdeko, Albizturgo, Asteasuko eta Larraulgo udalek elkarlanean, bederatzigarren urtez Herniopeko zortzi herrien arteko mendi ibilaldia prestatu dute iganderako. Aurten, Bidania-Goiatzetik hasiko dute ibilaldia, eta Hernio inguruko herriak zeharkatuko dituzte, tartean Errezil eta Aia.
Ekimenaren bitartez Hernioko inguruak eta haren "aberastasunak" ezagutarazi nahi dituzte, eta horretarako bi bide prestatu dituzte, bata luzea eta bestea motza. Luzeak zortzi herriak zeharkatuko ditu, eta 48,6 kilometrotako luzera izango du. 11 orduko ibilbidea izango da hori, eta hori egin nahi duenak 06:00etan abiatu beharko du. Ibilbide motza, berriz, 25 kilometrotakoa izango da, eta bost ordu eta erdiko iraungo du. Kasu horretan, mendizaleak 08:00etan abiatuko dira. Ibilbide horrek, berriz, Bidania, Errezil, Alkiza, Hernialdea eta Albiztur zeharkatuko ditu.
Ibilaldian parte hartzeko izena eman behar da, www.erniozaleak.org webgunean edo irteera baino ordu bat lehenago Bidania-Goiatzeko frontoian, 15 euroren truke. Irteeran partaide bakoitzari txartel bat emango diote, kontrol postuetan zigilatzeko. Bidea behar bezala seinalizatuta egongo dela aurreratu dute antolatzaileek, eta ez dute inongo sailkapenik egingo. Informazio osoa, hemen: www.erniozaleak.org.