Asteburu honetan hasiko da Lehen Mailako Eskuz Banakako Txapelketa Nagusia Zestoan

Zestoako Hitza 2014ko maiatzaren 6a

Asteburu honetan hasiko da Lehen Mailako Eskuz Banakako Txapelketa Nagusia Zestoan. Ostiralean 22:00etan emango zaio hasiera jaialdiari. Binakako partida jokatuko da lehenik, Aritz Lasa-Aitor Zubieta pilotariak Jaunarena eta Rezustaren aurka. Partidu horren ondoren Banakako Txapelketari hasiera emango zaio, eta Ezkurdiak gaur ezagutuko du bere aurkaria Bilbon egingo den txapelketaren aurkezpenaren ostean. Prezioa 25 eurokoa izango da baina Zestoako herritarrak 20 eurotan lortzeko aukera izango dute. Horretarako ezinbestekoa izango da aurretik erostea. Sarrerak gaur, bihar eta etzi egongo dira salgai 18:00etatik 20:00etara pilotalekuko lehiatilan. Egunean bertan 25 euro ordaindu beharko dute guztiak, herritarrak ere bai. Larunbatean 19:00etan herriarteko Gipuzkoako Txapelketa izango da Zestoa eta Lasarteko herrien artean. Hauek hiru kategoria desberdinetan hartuko dute parte: kadeetetan Miranda eta Odriozola izango dira, jubeniletan berriz, Adonis eta Aranberri herritarrak jokatuko dute. Bestalde, nagusietan Artetxe eta Odriozolaren jokoa ikusteko aukera izango da. Herriarteko txapelketan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da herritarra izatea, hori dela eta, aurten Zestoak eta Azkoitiak lortu dute bakarrik taldea osatzea. Herri artekoan Zumaiak ere parte hartuko du zesta-puntan. Bestalde, igandean arratsaldeko 17:00etan BERRIA Txapelketako final zortzirenak jokatuko dira. Han ere hiru kategoria izango dira: kadeteetan Titin Errioxar Elkartea izango da eta jubenil eta nagusietan aldiz, Markinako elkartea hartuko du parte. Hauek guztiak Zazpiturri elkartekoen aurka arituko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide