Positiboan bukatu du 2013a Azkoitia Lantzen sozietate publikoak

Ane Olaizola 2014ko maiatzaren 6a

Esther Lizarralde zinegotzia, Urrategi Alberdi Azkoitiko alkatea eta Inaxio Gorosabel zinegotzia (Ane Olaizola/ Hitza) Iazko kontuak onartu ditu Azkoitia Lantzen udal sozietate publikoak, eta udal gobernuak jakinarazi duenez, azken hamar urtetan aurrenekoz, emaitza positiboarekin itxi dituzte 2013ko kontuak. 15.556,86 euroko irabaziarekin amaitu dute urtea. «Krisi ekonomiko garaian eta Azkoitia Lantzen-en orain arteko egoera kontuan hartuta, lorpen handia delakoan gaude», adierazi du Urrategi Alberdi Azkoitiko alkateak. Albistea positibotzat jotzen badu ere, zuhur da erakundearekin etorkizunarekiko. Izan ere, «egoera zailean» jarraitzen duela azpimarratu du, betebehar eta konpromiso guztiak kontuan hartuta, 3,5 milioi euroko maniobra funts negatiboa duelako Azkoitia Lantzen-ek. Hau da, erakundeak daukan kapitala baino diru gehiago zor du. Sozietate publikoaren administrazio kontseiluak joan zen astean onartu zituen iazko kontuak, eta Alberdiren arabera, urtea emaitza negatiboarekin amaitu balute, erakundea kiebra egoeran legoke. Hein batean, Uisarekin lortu duten akordioak eragin du egoera hori ekiditea; 2009az geroztik Azkoitia Lantzen-ek milioi bat euroko zorra zuen enpresa horrekin, Oñartxo eta Eginoberri urbanizatzeko elektrizitate lineak desbideratzeagatik. Zorrari aurre egin nahian, Azkoitia Lantzen ados jarri da Uisarekin; hala, lur eremu bat saldu dio enpresari, zorra konpentsatzeko. Soberakinarekin, gainera, prima bat eratu dute, eta horren bidez lur saila berriro erosteko lehentasunezko aukera izango du Azkoitia Lantzen-ek. Onartutako kontuek sozietatearen egoera «erreala» islatzen dutela azpimarratu du alkateak. Azken bi urteetako kontuetan sozietatearen egoeran eragina izan dezaketen eta ezagutzen dituzten elementu guztiak txertatu dituzte, «zehaztapen guztiekin». «Lehen agertzen ez zen informazioa argi eta garbi azaltzen da orain». Izan ere, 2010ean 2,2 milioi euroko zuzenketa egin zutela gogoratu dute, kontuak eguneratu ostean. Horrez gain, 2012an egindako tasazioen ondorioz, kontuek ondarearen balorazio gaurkotua jasotzen dutela ziurtatu dute. «Horrekin batera, sozietateak udalarekin zituen konpromiso, betebehar eta eskubideak garbitu, zenbatu eta ordenean jarri dira». Hori hala, onartu berri dituzten kontuetan agertzen den informazio guztia «erreala» dela berretsi dute; «kontu hauek gardentasunez erakusten dute erakundearen egoera». «Arrisku egoeran», oraindik Azkoitia Lantzen-en kontuak bideratu eta argitzeko hainbat neurri hartu dituzte azkenaldian, eta besteak beste bideragarritasun plana abiatuta dute. «Udal gobernuaren kezka eta ahalegina izan da hasieratik sozietatearen egoera erreala ezagutzea eta horri ahalik eta irtenbide egokiena ematen saiatzea». Oraindik orain, ordea, «konpromiso ugariri» egin behar diote aurre, eta horren erakusgarri da zorra edukitzea. Hala, «arrisku egoeran» jarraitzen dutela adierazi du. Udal gobernuak azpimarratu du «gardentasunez eta arduraz» lan egiten jarraituko duela, Azkoitia Lantzen-en erronkei aurre egiteko. «Egoerak zaila izaten jarraitzen badu ere, zentzuz eta modu eraginkorrean lanean jarraitzen dugu, egoera bideratu asmoz».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide