Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Auto eta moto klasikoen zaleek hitzordu berezia izango dute asteburuan Azkoitian; ibilgailu horien xarmaz eta elegantziaz aurrez aurre gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, hirugarren aldiz auto eta moto klasikoen topaketak egingo baitituzte herrian.
Aurten, gainera, egitarau osatuagoa prestatu dute, eta ibilgailu klasikoen topaketez gain, bestelako ekitaldiak ere egingo dituzte; igandea izango da egun nagusia, baina larunbatean ere izango da zer ikusirik. Hala nola, rallyetako hamar auto jarriko dituzte erakusgarri arratsaldean, eta aizkolariek eta harri-jasotzaileek herri kirol erakustaldi bat egingo dute Plaza Berrin, bertsolariek girotuta. «Giroa berotzen hasteko, larunbatean ere ekitaldiak jarri ditugu. Gazte batzuk proposatu didate ea rallyetako autoek ere ekitaldian parte har zezaketen, rallya sustatzea nahi dutelako», adierazi du Antonio Sudupe Pio antolatzaileak. Horrez gain, hainbat auto berezi ere egongo direla aurreratu du. Aurten, Azkoiti Rallysprint taldearen laguntzarekin prestatu du topaketa.
Erantzun onaren zain
Sudupe duela hiru urte hasi zen ekitaldia antolatzen, eta urtez urte ibilgailu gehiago elkartu izan dira herrian. Aurten izango den parte hartzearen inguruan, ordea, zuhur da azkoitiarra, «azken egunera arte ezin baita jakin zenbat ibilgailu etorriko diren». Honen arabera, eguraldiak asko eragiten du ibilgailuen parte hartzean. «Polita izango litzateke aurreko urteko kopurua gaindituko bagenu». Iaz mota askotako 100 ibilgailu inguru izan ziren topaketetan. Besteak beste, 50 urte baino gehiago dituzten auto historikoak eta auto klasikoak, 25 urte baino gehiago dituztenak, izango dira Azkoitian, eta motoak ere ikusi ahal izango dira. Oraingoz, ez dago ziurtatuta Eibarko Lambretta Taldea etorriko den ala ez.
Garai batekoaren erakusleiho
Antolatzailearen arabera, Euskal Herriko hainbat txokotako autoek hartzen duten parte Azkoitiko topaketetan: «Bilbotik, Zumaiatik, Zumarragatik, Iruñatik, Beasaindik nahiz Leitzatik etorri izan dira». Halako egitasmoek herritarren artean harrera ona izaten dutela uste du Sudupek, eta Azkoitian beste urte batez halako erantzuna jasotzea espero du.
Igandean, auto eta moto guztiak elkartu eta herriari bira emango diote lehenendabizi; «herritarrek gustuko izaten dute halako autoak martxan ikustea». Ondoren, erakusgai jarriko dituzte ibilgailuak, Plaza Berrin, egun osoan zehar. Ohi bezala, bazkaria egingo dute eguerdian. Parte-hartzaileek aukerazkoa izango dute bazkarira joatea, eta horiez gain, nahi duten guztiek joan ahal izango dute. Ostegunera bitartean eman behar da izena, 12 euro ordainduta. Horretarako, Kutxabank-eko honako kontu korrontean sartu behar da dirua: ES47 2095 5071 11 9113792911. Egunean bertan izena ematen duenak, berriz, 15 euro ordainduko ditu.
Topaketak amaitzerako, berriz, zozketak egingo dituzte parte-hartzaileen eta gainontzekoen artean; herritarrek, euro baten truke, eros ditzakete zozketarako txartelak, eta janaria, ardoa eta kirol jantziak zozkatuko dituzte horien artean. Topaketaz gain, autoen inguruko argazkiekin osatutako erakusketa bat ere izango da ikusgari asteburuan, Torre Zuri erakustokian.