Santelmotako bandera jaitsiera (Gorka Zabaleta/ Baleike)
Kofradiako banderaren jaitsierarekin bukatu dira santelmoak. Bigarren asteburuan eguraldi ederra izan da, eta horrek festa giroa areagotzen lagundu du. Atzo eguerdian, esaterako, jendetza bildu zen Itzurungo hondartzan zaldi lasterketak ikustera. Guztien artean azkarrena Santi Telleria izan zen, Istai zaldiarekin, Gaizka Villanuevaren (Pitxumina) eta Jose Manuel Martinen (Krono) aurretik.
Arratsaldean trainerillen estropada jokatu zen Urola ibaian. Emakumezkoetan San Juanek irabazi zuen, eta gizonezkoetan, Oriok. Polemikarik ez zen falta izan, Oriok eta Hondarribiak arraunekin talka egin baitzuten. Emakumezkoetan, zumaiarrak ziabogan kateaturik gelditu eta han galdu zuten bandera irabazteko aukera.
Larunbatean olagarro zopa lehiaketa jokatu zen, eta aurten Beheko Plaza Elkarteko kideek prestatu dute, epaimahaiaren iritziz, zoparik onena. Txepetxa izan da bigarren, eta Anade hirugarren. Eta, ostiral gauean,
The show must go on laukoteak irabazi zuen Bertsotan Jai lehia. Bestalde, 0492 da Aizarnako talogileen saskiaren zenbaki sariduna.
Santelmotako argazkiak ikusteko
Baleike.com-en.