Larri daude goizean Bombas Azkueko istripuan erretako hiru langileak

Zestoako Hitza 2014ko maiatzaren 5a

Bombas Azkue enpresako Azkola fundizioan gertatu da lan istripua (Nerea Uranga/ Hitza) 09:10 aldean gertatu da lan istripua. Arroa Beheko Bombas Azcue enpresaren Azkola fundizioan sutea izan da, eta guztira 13 lagun artatu dituzte, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera. Hiru izan dira larrien zauritutako langileak eta horiek ospitalean daude oraingoz. Gainontzeko langileek kea arnastu dutelako artatu dituzte eta hauek Mendaro, Zumaia eta Donostiako erietxetara eraman dituzte, baina sendagira jaso dute dagoeneko ia guztiek. Arratsaldeko 14:00etan Osakidetzak emandako informazioaren arabera, une honetan hiru dira ospitalean jarraitzen duten langileak. Horietako bi Gurutzetan daude. Lehenak 56 urte ditu eta Erredura Handien Unitatean dago, aurpegian eta buruan bigarren mailako erredurak ditu %6an. Arnasa hartzeko laguntza behar du edema, aurpegiko erredurak eta arnastutako kearen ondorioz. Oso larri dago. Gurutzetan dagoen bigarren langileak 43 urte ditu eta bigarren mailako erredurak ditu aurpegian, buruan eta behe gorputz adarretan (%12). Erredura Handien Unitatean sartzekotan dira eta arnasa hartzeko laguntza behar duen aztertzen ari dira. Oso larri dago. Donostiako Ospitalean dago zauritutako hirugarren langilea. 53 urte ditu eta Kirurgia Plastikoko Unitatean dago. Erredurak ditu hanka, beso eta eskuetan. Larri dago. Laugarren langile bat Mendaroko ospitalean dago, behaketan, kea arnasteagatik. Diagnostiko arina du eta datozen orduetan sendagiria jasotzea espero da. Bombas Azcue enpresarena da Azkola fundizioak (Nerea Uranga/ Hitza) Margo biltegian izan da sutea, eta suhiltzaileek lortu dute sua itzaltzea. Hala ere, lantegia hustu egin behar izan dute. Zestoako eta Zumaiako alkateak bertan izan dira. Salaketa eta elkarretaratzea LAB sindikatuak Fundiciones Azkolako zuzendaritzarengandik jasotako "informazio eza" salatu du: "Ez dugu informaziorik jaso, gertakari guztiak ixilpean eraman nahi dituzte ezer gertatu izan ez balitz bezala. Edo are gehiago, istripua ezkutatu nahian", adierazi dute prentsa-ohar bidez. Enpresa horretan "langileen baldintzak ezin okerragoak" direnaz jakitun direla adierazi du sindikatuak eta "adibide bat besterik ez da bertako langileek burutzen duten eguneko gutxieneko 10 orduko lanaldia" ohartarazi dute. Bestalde, Zestoako Udalak Bombas Azkue enpresari "lan istripua zergatik eta nola gertatu den aztertzea" eskatu dio, "berriro halakorik gerta ez dadin". Era berean, elkartasuna adierazi die istripuan zauritutako langile guztiei eta haien familien. Istripua salatzeko, elkarretaratzea izango da bihar, asteartea, 19:00etan Zestoako plazan, EH Bilduk deituta.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide