Eskualdeko langileek aldarriz mamitu dute maiatzaren lehena

Onintza Lete Arrieta 2014ko maiatzaren 2a

Langileen eskubideen aldeko aldarriak ozen entzun ziren atzo eskualdeko hainbat txokotan, maiatzaren lehenaren harira. Ekitaldi jendetsuena Zarauzkoa izan zen. LABek deituta, manifestazioa egin zuten eguerdian dozenaka eta dozenaka lagunek. Eskualdeko herri askotako herritarrak ikus zitezkeen bertan. Sindikatuko ordezkariez eta norbanakoez gain, lan gatazkak dituzten hainbat enpresatako kideak gerturatu ziren (TS Fundiciones eta Corrugados, esaterako), baita mugimendu feministako eta gazte mugimenduko kideak ere. Langileok erabaki, Euskal Herriak erabaki dezan lelopean egin zuten protesta Zarautzen, eta ibilbidean zehar geldialdiak egin zituzten hainbat puntutan. Lanbideren egoitza aurrean, kasu. Gazte batzuek pankarta erraldoi bat zintzilikatu zuten teilatutik. Erdigunean ere, emakumeen eskubideen aldeko pankarta erraldoi bat zabaldu zuten. Pankarta nagusiaz gain, beste bat ere ikus zitekeen jendartean. Honela zioen: Urola Kostako langileak itxieren kontra. Zarautzen ez ezik, Bilbon ere eskualde mailako aldarriak kalean izan ziren. ELAk egin zuen han manifestazio nazionala, eta bertan izan zen eskualdeko jendea ere. TS Fundiciones ez itxi, langileok borrokan zioen pankarta batek. Pankartari eusten, hainbat gizon-emakume eta bi haur. Hain zuzen, atzo goizean amaitu zuten itxialdia TS Fundiciones enpresako langileek. «Helburuak beteta» amaitu dute protesta hori, langile ordezkarien esanetan. «TSren eta gure eskualdearen egoera zein den azaleratzea lortu dugu. Argi gelditu da Urola Kostak bizi duen egoera zein den». Hala ere, beren lanpostuen alde borrokan jarraituko dutela azpimarratu dute. Atzo ELAk eta LABek deitutako mobilizazioetan parte hartu zuten, esaterako. Itxialdia 08:00etan amaitu zuten, eta lantegi aurrean zain izan zituzten hainbat herritar, senide eta baita Zestoako eta Azpeitiko alkateak ere. Horiek HITZAri adierazi zioten «konpromiso garaia» dela, eta Eusko Jaurlaritzak industriaren aldeko apustua egingo duela esan duenez, benetan egin dezala eskatu zuten. TSko langileen familia batzuek ere hitz egin zuten atzo HITZArekin. Bi langileren emazteek, esaterako, ertzainen jarrera salatu zuten: «Lantegi aurrean ibili dira bueltaka gau eta egun, kriminalak bagina bezala tratatu gaituzte beti, ez dago eskubiderik», esan zuten. Langileen borroka «luze» egiten ari zaie, eta egoera «gogorra» dela azpimarratu zuten: «Urritik Gabonetara arte ez zuten soldatarik jaso, eta Gabonak benetan gaizki pasatu genituen. Gure etxeetako soldata nagusia beraiena da, eta egoera oso latza da». Hala, itxialdia eta antzerako ekimenak ondo iruditzen zaizkiela azaldu zuten: «Ahal dugun guztia egingo dugu gure eskubideen alde». Zarautz eta Zestoa izan ziren atzo protagonista nagusiak eskualdean, baina ez bakarrak. Zumaian, Galernasarean.info-k jakinarazi zuenez, 07:00ak aldera Zuen errepideak miseriara garamatza zihoen pankarta zabaldu zuten ezezagunek herri sarrerako biribilgunean, bidea moztuz, eta banketxeetako hormak margoz zikinduta agertu ziren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide