'Itsasoaren Emazteak' antzezlana egingo dute igandean Getarian

Urola Kostako Hitza 2014ko maiatzaren 2a

Antxoa Egunaren baitan igande arratsalderako Itsasoaren Emazteak antzezlana antolatu dute Getarian. Hasiera batean, 19:30ean hastekoa zen dantza eta antzerkia uztartuko dituen ikuskizuna, baina Getariako Udaletik jakinarazi dute ordu aldaketa izango dela eta Itsasoaren Emazteak antzezlana 20:00etan hasiko dela Sahatsaga Kiroldegian. Ikuskizunak euskal dantza tradizionala oinarri hartuta, Euskal Herriko itsasertzeko arrantzaleen emazteen bizipenak (saregileak) kontatzen ditu. Berrogeita hamar dantzari, goi mailako lau musikari (Pello Ramirez, Xabier Zeberio, Fredi Pelaez eta Angel Unzu) eta bi aktore (Miren Gojenola eta Agurtzane Intxaurraga) bilduko dira taula gainean olatuaren joan etorrian, josi eta josi saretan barrena historia  bizi eta hunkigarria harilkatuz. Itsasoaren Emazteak ikuskizuna ikusi nahi dutenek sarrerak salgai dituzte 10 eurotan Getariako Turismo Bulegoan eta egunean bertan lehiatilan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide