Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ikusmin handiarekin inauguratu zuten atzo Azpeitiko Madalenako ospitale zaharra. Jesusen Lagundiak eraberritu du XVI. mendean ospitale izan zena, eta urtebeteko lanen ondoren interpretazio zentroa izango da, Loiolako Inazioren balioak eta ospitaleko lana gizarteratzeko asmoz.
Goizean, ospitale zaharraren ondoko ermitan meza egin ondoren zabaldu zuten publikoarentzat eraikin berritua. Han egin zuten inaugurazio ekitaldia eta eraikinaren bedeinkapena besteak beste Jesusen Lagundiko kideek, Juan Jose Etxeberria Loiolako probintzialak, Francisco Jose Ruiz Perez Espainiako probintzialak, Jose Manuel Añon proiektuaren ardura izan duen jesuitak, Anton Lopez Aberasturi arkitektoak eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, herritar ugariren aurrean.
Loiolako Inaziok han egin zuen egonaldia eta pobreen alde egindako lana gogoratu nahi dute interpretazio zentroarekin; honen «alde gizatiarra» hedatzea da asmoa, «umiltasunaren, pobreziaren, pazientziaren, elkartasunaren, otoitz egitearen eta santutasunaren» lekuko izan zelako. Goitik behera berritu dute eraikina, baina jatorrizko zenbait elementu eta material errespetatu dituzte, besteak beste etxaurrekoak eta hormak. «Jatorrizkoa zen guztia berreskuratu dugu, kontu eta errespetu handiz», esan du Lopez Aberasturik. Honen hitzetan, Erdi Aroko ospitalearen eszenografia egin dute; hala nola, oheak eta leihoak dokumentuetan aurkitutako datuen arabera kokatu dituzte. Horrez gain, panel, audio eta ikus-entzunezkoen bitartez San Inazioren bizitza kontatzen dute, eta hamar pausotan ospitalea bera azaltzen dute. Añonek jakinarazi duenez, eraikinari bizia eman nahi diote, eta horretarako eraikinean hitzaldiak eskaintzeko asmoa dute. San Inaziok egindako lana presente dago eraikin osoan zehar, eta kanpoaldean ere haren eskultura berri bat jarri dute, Antonio Oteiza eskultore eta erlijioso kaputxinoak egina.
Inazioren balioen garrantzia
Jesusen Lagunek 1990eko hamarkadan lortu zuten ospitale zaharra, Loiolako Lanen Batzordeak eraikina erosi eta gero. Lanak joan zen urteko martxoan hasi zituzten, eta eraberritzearekin «ziklo osoa» osatu dutela azpimarratu dute. Izan ere, batez ere Inaziotar Bidea egiten duten erromesei zuzenduko diete interpretazio zentroa. Bide honek Loiola eta Manresa (Katalunia) lotzen ditu, Inaziok 1522an egin zuen bidea gogoratzeko.
Zazpi urtez Parisen bizi ondoren, Inazio eta bere sei jarraitzaileek, tartean Xabierko Frantziskok, Jesusen Konpainia sortu zuten, eta Erromarantz abiatu ziren, Pablo III.a orduko aita santuaren agindupean jartzeko. Inazio, ordea, gaixotu egin zen, eta urdaileko min larrien ondorioz, jaioterrira, Azpeitira, itzuli zen, 1535. urtean. Apiriletik uztailera bitartean egon zen Madalenako ospitale zaharrean. «Azpeitira iristean, bere jaiotetxera joatea baino nahiago izan zuen pobreekin lan eta lo egin, horiek bezala bizi», gogoratu dute.
Etxeberriaren ustez, Inazioren eragina «oso handia» da Azpeitian eta inguruan, eta itzal handia utzi du hango herritarren nortasunean ere. Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriaren iritziz, Inazioren balioak «gutxi» ezagutzen badira ere, horien garrantzia goraipatu du; erabakiak hartzearen eta erabakitakoa aurrera eramatearen, ikastearen eta umiltasunaren balioak jarri ditu adibidetzat. Balio horien harira, «laguntasunaren eta elkarlanaren» aldeko aldarria egin du Etxeberriak, eta Madalena balio horien erakusgarri dela adierazi du. «Madalenan gaudela ulertu dezakegu Inazio hobeto, hemen egin dezakegu, eta azpimarra ditzakegu bere balore sensibleenak eta gutxiena ezagutzen direnak».