«Jostungintza eta sare konpontzea uztartuko ditugu tailerrean»

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko mai. 2a, 08:30

Antxoa Egunaren barruan, bihar goizean Cristobal Balenciaga Museoan jostungintza eta sare konpontzea uztartuko dituzte Ni ere jostuna, gaur sarekonpontzailea tailerrean. Aritz Iribar Solaberrieta (Getaria, 1991) izango da tailerraren gidarietako bat. Zuk zeuk ba al dakizu sarea josten? Neuk ez dakit, baina bitxia da nire kasua. Ama sarekonpontzailea izan dut, eta aita arrantzalea; txikia nintzenetik beti ikusi izan ditut amona, ama eta familiakoak sarea josten, eta nik neuk ordu asko pasa ditut lonjan sare artean jolasean. Baina inoiz ez naiz animatu nola josten den ikastera. Niri irudiaren mundua gustatu izan zait beti, eta Madrilera (Espainia) joan nintzen moda diseinua ikastera. Ikasketak amaitu nituen, praktikak egin eta Getariara itzuli nintzen. Egun ez dut arlo horretan lan egiten, baina irudiaren munduarekin lotuta jarraitzen dut ileapaintzaile ikasketak egiten ari bainaiz. Moda ikasketak izanda, tailer hau emateko aukera atera zait eta oso gustura nago. Hasiera batean jostungintza eta sarea konpontzea bata bestetik oso urrun daudela dirudi, ezta? Bai, horrela da. Baina biek jostea dute oinarrian, eta bi kasuetan oso garrantzitsuak dira txukuntasuna eta ondo egindako lana. Sarekonpontzaileek beti nabarmentzen dute sarea josten ikastea ez dela zaila, baina lana ondo eta txukun egiteko abilezia eta urte askotako praktika behar dira. Moda arloan, berriz, oso garrantzitsua da jantziak ondo josiak egotea behar den bezala geratu daitezen eta urte asko iraun dezaten. Nolatan sortu zen Ni ere jostuna, gaur sarekonpontzailea tailerra antolatzeko ideia? Gueñes herrian aspalditik Gueñesko Paperezko Soinekoen Lehiaketa antolatzen da, eta bertan egileek paperez egindako soinekoak aurkezten dituzte. Datorren urtera begira Getarian ideia horretatik abiatuta lehiaketa bat antolatu nahi da, eta bertan arrantza sarez egindako soinekoak sarituko dira. Mundu horretan murgiltzeko, Cristonal Balenciaga Museoak Ni ere jostura, gaur sare konpontzailea tailerra antolatu du. Nori dago zuzendua tailerra? Tailerra 6-12 urte bitarteko haurrei dago zuzendua eta jostungintza eta sare konpontzea uztartuko ditu. Bi atal izango ditu ikastaroak; alde batetik, Getariako hainbat sarekonpontzailek sarea nola josten den erakutsiko diete haurrei, sare motak, orratz motak eta zer joskura mota dauden azalduko dute. Hala ere, haurrek ez dute sarerik josi beharko, sarekonpontzaileek egingo baitute erakustaldia. Bigarren atalean nirekin jostungintza arloa landuko dute, eta sarez egindako mantoiak hari desderdinekin apainduko ditugu. Niri oso tailer polita izango dela iruditzen zait. Getaria arrantzarekin estuki lotuta egon da beti, eta Cristobal Balentziaga diseinatzailea getariarra izanda, uztarketa polita dela uste dut. Gainera, Balentziagaren kolekzio askotan arrantzaren ideia ere agertzen da. Horregatik, Getariako eta oro har Urola Kostako haurrak tailerrean bertan parte hartzera animatuko nituzte. Doakoa da, eta Getariako Turismo Bulegoan eman daiteke izena. Uste duzu erraza izango dela haurrentzat kontzeptua ulertzea? Modu erraz eta atseginean emango dugu tailerra. Dinamikoa izango da, eta teoriari garrantzia eman beharrean, erakustaldiak izango du pisua. Azalpenak ahal den modurik errazenean ematen saiatuko gara, denok ulertzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide