Gaur gauean helduen danborrada izango da, eta bihar arratsaldez, haurren txanda
(Nerea Uranga)
SANTAKUTZAK ZESTOAN. EGITARAUA.
- 16:00. Umeentzako puzgarriak.
- 17:00. Gaztetxoen Pilota Txapelketako finalak.
- 19:00. Jaien hasiera suziriekin. pJarraian, Idiakaitz Txistulalari Taldearen eta banden kalejira.
- 22:30. Danborrada Nagusia, herriko kaleetan zehar. Gauerdian ikurrina eta herriko bandera altxako dituzte.
- Jarraian, danborradakoek martxa guztiak joko dituzte plazan.
- 10:30. Idiakaitz Txistulari Taldearen goiz-eresia.
- 12:00. Meza Nagusia, Parrokiko abesbatzak abestua.
- 13:00. Xebas gogoan, Zestoako Banda, Idiakaitz Txistulari Taldea eta Itxaropena Dantza taldearen emanaldia.
- 16:00. Kadete mailako Zestoa-Zestoa txirrindulari proba.
- 18:00. Haurren danborrada hasiko da.
- 23:00. Xebas gogoan kontzertua: Leok’k eta Gozategi, Laranjadi plazan.
Iritsi dira Santakutzak Zestoara, eta horrekin batera bi eguneko festa giro alaia. Danbor hotsak, musika eta kirolak nagusi izango dira gaur eta bihar, herriko txokoetan.
Gaur arratsaldean ekingo zaie jaiei, umeentzako puzgarriekin eta gaztetxoen Banakako IV. Pilota Txapelketako finalekin. Neska eta mutilen hiruna bikotek amaiera emango diote, modu horretan, azken hilabeteotan jokatu duten txapelketari. Honakoak dira finaleko partidetako protagonistak: Julene Arzallus-Iraia Korta, Unai Lizarralde-Haritz Olaizola, Ainhitze Odriozola-Maddi Luluaga, Xabat Sasiain-Mattin Eizagirre, Lorea Regil-Naroa Agirre eta Eneko Etxeberria-Oier Alonso.
Festak, ofizialki, 19:00etan hasiko dira, ordea, suziriak jaurtitzearekin batera. Horren ostean Musika Banda eta Idiakaitz Txistulari Taldeak kalejira egingo dute festen lehen doinuak eskainiz.
Danbor hotsak bi egunez
Gaur afalostean, 22:30etik aurrera, danbor hotsek hartuko dituzte kaleak. 85 urte beteko ditu aurten Zestoako helduen danborradak, ez da alferrik Gipuzkoako danborradarik zaharrenetako bat. Urte berezia izango da, gainera, Atabalak taldearentzat, mende laurden egingo baitu danborradan lehenengoz atera zirenetik. Lau taldek dagoeneko ospatu dute 25. urteurrena:
Gure Txokoak (1947), Lauiturrik (1974), Ipintzak (1978) eta
Gaztetxeak (1989).
Aldrebesak taldea 2003an hasi zen, eta
Trapuzaharrak 2009an atera ziren lehen aldiz. Aurten, gainera, talde berri bat ere ariko da atabalak astintzen; guztira zortzi talde aterako dira. Horiekin batera, bost musika banda ariko dira danborradako kantuak jotzen: Zestoako Banda, Azpeitikoa, Zumai txaranga, Deiadar txaranga eta Pasai txaranga.
Haurren danborrada, berriz, bihar arratsaldean izango da, 18:00etatik aurrera. 200 haurretik gora ariko dira danborra jotzen eta, urtero bezala, Guraso Elkarteak lan handiz eta ilusio handiagoz egindako karroza ikusi ahal izango dute herritarrek eta bisitariek. Guraso elkarteak esker ona adierazi die danborrada prestatzeko lanetan eta egunean bertan laguntza eskaini duten guztiei.
Goizerako doinu berria
Gauean parranda egin dutenak zirikatzeko eta Santakutz Eguna indarrez hasi nahi dutenak alaitzeko, doinu berria estreinatuko dute Idiakaitz txistulari taldekoek bihar. Hainbat urtez herritarrak Diana eta Alborada kantuekin esnatu badituzte ere, Zestoako Goiz Deia izango da herritarrek aurrerantzean festa egunak esnatzeko entzungo duten doinua. Bihar, 10:30ean estreinatuko dute abesti berria. Idiakaitz taldeko eta Donostiako txistulari taldeko kide Jagoba Astiazaran musikariak sortu du doinu berri hau.
Txirrindulari proba, bihar
Bihar arratsaldean, bestetik, Zestoa-Zestoa kadete mailako txirrindulari proba jokatuko da. Zestoako eta Zarauzko txirrindulari elkarteek antolatu dute, eta Gipuzkoako talderik onenak lehiatuko dira. Estatuko hainbat txirrindulari gaztek ere hartuko dute parte. Plazatik atera eta Aizarnazabalera joango dira, handik Oikiara eta Narruondotik berriz Zestoara. Hiru aldiz egingo dute, eta helmuga Zestoako Gurutzeagako frontoi aurrean izango da.
Xebas, ezkerrean eserita, Leok’k-en taldeko argazki batean
(Leok'k)
Leok’k, Xebas-en omenez
Emanaldi berezi batek oroimen goxoz eta musikaz jantziko du Laranjadi plaza bihar, larunbata. Duela sei hilabete minbiziaren ondorioz zendu zen Sebastian Etxeberria Xebas-i omenaldia egiteko Xebas gogoan ekitaldi berezi bikoitza antolatu dute haren taldekide izandako Leok’k Kultur Elkarteko kideek, udalaren laguntzarekin.
13:00etan ekitaldia egingo dute Laranjadin. Leok’k taldeko kideez gain, parte hartuko dute bertan Idiakaitz Txistulari Taldeak, Zestoako Musika Bandak eta Itxaropena Dantza Taldeak.
Gauean, berriz, kontzertu «deigarria, bizia eta erakargarria» eskainiko dute Leok’k eta Gozategi taldeek. Xebasen hutsunea betez ariko da baterian David Gorospe eta laguntzaile ugari izango dute, hala nola, Jesus Aranberri eta Marije Etxaniz teklatuak jotzen eta Garikoitz Mendizabal txistua jotzen. Era berean, Nerea Ugartek eta Idoia Azurmendik ahotsa jarriko dute hainbat abestitan, Anjel Fernandezek saxoa joko du eta Adrian Larrañaga perkusio lanetan ariko da. Leok’k-en
Une bat diskoko kantuez gain, herriko txokoetara iritsiko dira The Beatles, Bob Dylan, Rory Gallagher, Eagles, Led Zeppelin edo The Spencer Davis Group taldeen abestien euskarazko bertsioen oihartzunak. Etxeberria herriko musikan eta kulturan egile eta eragile garrantzitsua izan zen urte askoan. Hala azaldu dute Leok’k taldeko lagunek: «Musikaren alor askotan murgilduta ibili zaigu, herriko jaietan, ospakizunetan; egun batean bateria, beste batean danborra, hemen bonboa, han txapak. Atzo rock taldearekin, gaur herriko bandarekin, dantza, talde eta txistulariak ahaztu gabe. Hainbat musika motei bizitasuna ematen, erritmoa jartzen, kolorea eta alaitasuna barreiatzen». Merezitako omenaldia jasoko du Xebasek lagun eta herritarren partetik.
Ibañarrieta ere festa giroan
Jai giroa izango da nagusi Zestoako herrigunean ez ezik, baita Ibañarrieta auzoan ere. Bihar, larunbata, 11:30ean festei hasiera emango dien suziria botako dute. Eguerdian meza izango da Santo Kristo baselizan, eta gaualdera, 20:00etatik aurrera, auzokoek prestatutako tortilla lehiaketa jokatuko dute laugarren urtez.
Jaiak igandean jarraituko du. Meza izango da eguerdian, Santo Kristo baselizan. Ondoren, 13:00etan bertso saioa eskainiko dute Ander Zulaika eta Iñigo Izagirre bertsolariek. 13:30ean hasiko da aurtengo jaien berrikuntza dena: auzokoen arteko Bola Jokoa. Arratsaldean, berriz, 18:00etatik aurrera asto probak izango dira, eta horren ostean, haurrek goza dezaten, zezen txikiak eta pottokak egongo dira Lopeneren eskutik.