Sortaldea kudeatzeko lehiaketa abiatu du Zarauzko Udalak

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko maiatzaren 2a

Hainbat ekitaldi antolatzen da gune horretan. Irudian, Tako erakusketa
(Leire Ventas) Udan Sortaldea kultur eremua kudeatzeko lehiaketa jarri du martxan Zarauzko Udaleko Kultura Sailak. Azken bi urteetan Garoa liburu dendako arduradunek kudeatu izan dute gune hori, baina aurten ez dira aurkeztu lehiketara. Interesa dutenek gune hori erabili eta ustiatu ahal izateko proposamenak egin beharko dituzte, irabazi asmoa duten jarduera kulturalak eta erakusketak antolatu eta kulturarekin zerikusia duten produktuak saltzeko bertan. Zerbitzua adjudikatzerakoan kontuan izango dituzte ekimenekin eta produktuekin lotutako autofinantzazio proposamenak. Maiatzaren 23ra bitartean aurkez daitezke proposamenak. Ekainaren 15etik irailaren 15era kudeatuko du lehiaketako irabazleak Malekoiko kultura gune hori. Zarauzko Udalarekin hala adostuz gero, kontratuta urtebetez luzatzeko aukera izango da, lokala 2015eko udarako ere esleituz. Sortaldea lan egunetan 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara zabaldu beharko da, jai bezperetan 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara eta, jai egunetan, 10:00etatik 21:00etara. Horrez gain, kudeatzaile berriak hainbat zerbitzu eman beharko du, doan. Ildo horretatik, Liburu irekiak liburuak doan mailegatu beharko ditu 12:00-14:00 eta 17:00-20:00 bitartean. Erakusketa aretoa, berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara zabalduko du. Halaber, lokalean kultura jarduerak egiteko prestutasuna izan beharko du udalak hala eskatzen duenean. Eguraldi txarra eginda ere, egunero eskaini beharko ditu zerbitzu horiek. Sortaldea kultur gunearen kudeaketa adjudikatzen dutenean adostuko dituzte irabazleak eta Kultura Sailak xehetasun guztiak. Irabazleak 1.000 euro jarri beharko ditu berme gisa, eta uda amaitzean itzuliko dizkiote kudeatzaile berriari inolako kalte edo gorabeherarik ez bada izan gunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide