Udalak harrera familien inguruko sentsibilizazio astea antolatu du

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko maiatzaren 2a

Ezkerretik hasita, Ane Eizmendi Jendarte zinegotzia, Aitor Iruretagoiena Beroa elkarteko kidea, Itziar Elias Zu Ondoan elkarteko kidea, Gari Berasaluze Kultura zinegotzia eta Jexux Mari de la Mota Beroako kidea
(Ainara Lozano) Zarauzko Udalak harrera familien inguruko sentsibilizazio astea antolatu du datorren asterako, Zu ondoan elkartearekin eta Beroa Gipuzkoako Harrera Familien Elkartearekin elkarlanean. Helburu argiak ditu egitasmoak: batetik, herritarrei gogoraraztea era askotako familia ereduak daudela; bestetik, haur eta familia horien errealitatea «normaltasunez» ikusaraztea eta, azkenik, Gipuzkoan babes gabe dauden haurrentzat harrera familia berriak lortzea. Horretarako, egitarau betea antolatu dute. Astelehenean profesionalei zuzenduriko mintegi bat izango da, maiatzaren 8an Gu ere harrera familia gara dokumentala emango dute eta hilaren 11n, berriz, Maddi eta Antton antzezlana eskainiko dute. Azken horri lotuta azaldu du Gari Berasaluze Kultura zinegotziak sail horrek antolakuntzan parte hartu izanaren arrazoia: «Duela zenbait aste ematekoak ginen antzezlan hori, baina bertan behera geratu zen horrek balore jakin batzuk eta sentsibilizazio kanpaina bat duelako atzetik. Hori dela eta, bere testuinguruan kokatzea erabaki dugu». Zu Ondoan antzerki taldeak Modelon eskainiko du haurrei zuzendutako antzezlan hori, bi saiotan: bata 17:00etan, eta bestea 18:00etan. Bertan Maddi harrerako haurra eta bere anaia berriaren, Anttonen arteko harremana kontatzen dute antzezleek, jolasekin tartekatuta. Maddi eta Antton antzezlan bat baino gehiago dela adierazi du Berasaluzek: «Horri lotuta, harrera familiei eta elkarteari buruzko gida didaktiko moduko bat ere badago, eta baita komiki bat ere, Irrien Lagunak taldearekin elkarlanean osatutakoa. Gaia eskoletan ere lantzeko banatuko da komiki hori, gerora Zarauzko haurrek antzezlana askoz ere hobeto uler dezaten». Maiatzaren 5eko mintegia udaleko gizarte zerbitzuetako, ikastetxeetako, mahai soziosanitariotako eta, orohar, haurren babesgabeziren inguruan lanean jardu- ten duten profesionalei zuzenduta dago. 12:00etatik 14:00etara egingo dute, Etxezabalan, doan. Maiatzaren 8an, berriz, Gu ere harrera familia gara dokumentala emango dute Modelon, 19:00etan. Bertan bederatzi harrera familiak euren etxeetako ateak zabaltzen dituzte, eta euren esperientzia kontatu. Proiekzioaren ondoren gaiari buruz solastuko dute bertaratzen direnek harrera familia batekin eta Beroa elkarteko kideekin. Ekitaldi guztiak euskaraz izango dira. Dokumentala gaztelaniazko azpitituluekin eskainiko dute. Informazio falta Harrera familien inguruan «informazio falta izugarria» dagoela uste du Beroa elkarteko Aitor Iruretagoienak. Horregatik, Zu Ondoan elkartearekin elkartu eta halako egitasmoak antolatzea erabaki zuten. Elkarlan horren fruitua izan da, besteak beste, Gu ere harrera familia gara lana, gaiari «normaltasuna» eman eta herritarrei gerturatu nahian. «Nik ere behar hori nuen», gaineratu du Itziar Elias Zu Ondoan elkarteko kideak: «Gai honen inguruan ezjakintasun handia dago, beldur asko du jendeak gaiarekiko. Bestalde,ikusten nuen adopzioa ez zaigula batere arrotza egiten». Hortik abiatuta sortu zuten Zu Ondoan, «gizartean tabu diren gaiak positibatzeko». Dokumentala lantzerakoan «harrera ama bezala asko ikasi» duela aitortu du Eliasek, bertan «harrera familien gaia pertsonatik pertsonara kontatzen delako». Egun Gipuzkoan 323 harrera familia daude, eta gehiago behar direla esan dute. Horregatik, haurrak etxean hartzera animatu ditu herritarrak: «Askotan kanpora begira jartzen gara, baina gugandik gertu ere beharrak dituzten haurrak badaude».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide