Infantil nesken Azpeitia Cup txapelketa jokatuko dute bihar lehendabiziko aldiz

Olatz Prat 2014ko apirilaren 30a

Azpeitia Cup txapelketaren aurkezpena (Olatz Prat/ Hitza) «Gure konpromisoa egia bihurtu da». Hala adierazi du gaur eguerdian Sanagustin kulturgunean egindako aurkezpenean Azpeitia Cup elkarteko presidente Mikel Rodriguezek. Izan ere, bihar, maiatzak 1, lehen aldiz jokatuko da infantil mailako nesken Azpeitia Cup futbol txapelketa. Iraurgi Cup-en lekukoa harturik, elkarte berriak nesken txapelketa antolatzeko jauzia eman du, hainbat eragileren eskaerari eta euren aspaldiko nahiari bide emanez. Bihar, 09:00etan hasita, Garmendipen Euskal Herriko eta Kantabriako 21 taldek jokatuko dute txapelketa. Eskualdetik, Azkoitiko Anaitasuna, Zarautz, Orio eta Azpeitiko Lagun Onak taldeak ariko dira lehian. Antolatzaileek eta babesleek ilusioz hartu dute nesken lehen txapelketa hau. Rodriguezen esanetan, «harro egon gaitezke, Euskal Herriko infantil mailako txapelketarik onena osatu delako. Ohorea da txapelketa hori Azpeitian jokatzea». Realeko jokalari Eguzkiñe Peña pozik agertu da txapelketa honekin: «Aurrerapauso handia da emakumeen futbolean, ez dagoelako halako txapelketa garrantzitsurik». Txapelketa batek beti izaten duen lehiakortasun zantzutik haratago, «lagunekin egoteak, talde baten parte izateak eta beste taldeekin harremanak sortzeak elkarren arteko loturak ekartzen ditu, eta hori oso komenigarria da taldekideentzat eta txapelketarentzat», Peñaren ustez. Ekainean, mutilen txanda Ekainaren 13tik 15era, berriz, mutil kimuen Azpeitia Cup Adiskidetasunaren VIII. Txapelketa jokatuko dute. Pozik daude antolatzaileak Azpeitian jokatzen delako «kalitate, antolaketa eta tratu pertsonalari dagokionez, Espainiako estatu mailan dagoen futbol txapelketarik onena». Parte hartuko dute espainiar estatuko klub handienetako taldeek, hala nola Bartzelonak, Real Madrilek, Athletico Madrilek, Sevillak eta Valentziak. Euskal Herriko taldeak ere bertan izango dira, baita eskualdeko Lagun Onak eta sailkapen fasean txartela lortu zuen Zumaiakok ere. Zailtasun ekonomikoko garaietan maila honetako txapelketa bat antolatzearen meritua azpimarratu dute antolatzaileek eta laguntzaileek. Hala, Halcon Bidaiak-eko Maite Lazkanok «aurrekontua murrizteko egindako ahalegina» nabarmendu du, hegazkinak autobusengatik eta hotelak aterpetxeengatik ordezkatuz. Era berean, Gipuzkoako Futbol Federazioko kide Ramon Azkaratek azpimarratu du «horrelako ekimen bereziei ahal den neurrian laguntzeko beharra eta konpromisoa». Aspalditik txapelketa honi babesa erakutsi dion Iraurgi Ikastetxeko zuzendari Maje Agirrek esan duenez, «esku asko behar dira horrelako txapelketa bat antolatzeko, eta gure ekarpena esku horiek jartzean datza, guraso boluntarioen bitartez. Azken finean, igorri nahi diren baloreak, taldelana, konpromisoa eta diziplina, geure egiten ditugu». Joan den asteko sailkapen fasean bisitari ugariren presentzia igarri zen herrian, eta ekainera begira ere, «eragin ekonomiko handia» espero dute antolatzaileek. Horren adierazle da, herriko eta inguruko ostatuak beteta daudela dagoeneko egun horietarako. 3.000 lagun baino gehiago espero dituzte egun horietarako, eta txapelketari oihartzun gehiago emateko, zenbait partida telebistaz emateko proposamenak negoziatzen ari dira hainbat katerekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide