Literaturia egitasmoa zabaltzeko asmoz, Zarautzen egingo dute aurten

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko maiatzaren 1a

Literaturiaren aurkezpena (Amaia Ventas/ Hitza) Zarautzen egingo dute aurten Literaturia. Bost urtetan Larrabetzun ospatu izan dute, baina orain pauso bat harago ematea erabaki eta egitasmoa «are gehiago zabaltzea» adostu dute. «Gure uste harroan, euskarazko literaturak baditu asteburu bete osatzeko adina  proposamen bere adierazpide anitzetan. Askoz gehiagorako ere ematen du, Literaturian zein beste ekitaldi batzuetan aski frogatu dugunez», adierazi zuten atzo, egitasmoaren aurkezpenean. Hori dela eta, Larrabetzu baino «plaza egokiagoa» behar du Literaturiak, eta hala, eskenatokiz aldatu eta Zarautz izango da aurten euskarazko literaturari eskainitako plaza. Aurkezpenean, Zarautzek «tradizio literario luzea» duela nabarmendu du Gotzon Barandiaranek; egitasmoaren bultzatzaileetako bat da bera. «Euskarazko literaturari buruzko hainbat ekimen antolatu ohi dira Zarautzen, literatura lantzen duten 30 idazle baino gehiago daude eta udalak eta bestelako eragileek jarrera aktiboa dute horri lotuta». Euskarazko literatura zabaltzen jarraitzeko, egitarau bete-betea antolatu dute elkarlanean maiatzaren 28tik ekainaren 1era Literatura Eskolak, Paperezko Lagunek, 111 Akademiak, EHAZEk, Putzuzulok, Garoa liburudendak, Marina Txiki eta Barley tabernek eta Zarauzko Udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide