Azaroan egin zuten lehenbiziko Cava Azoka, Munoan. (Amaia Ventas/Hitza)
Zarautz Arraun Elkarteko beteranoek Cava Azoka prestatu dute hirugarren urtez jarraian, elkartea finantzatzen laguntzeko asmoz. Azokak atzo iluntzean zabaldu zituen ateak Munoa plazan, eta bertaratzen direnek cava mota aukera zabalaz gozatzeko aukera izango dute igandera bitartean. Egunero, eguerdi partean, 12:00etan irekiko dute azoka, gauerdira arte. Igandean, ordea, arratsaldean itxiko dituzte ateak.
Aurten beteranoen ligan sartu dira maila horretako arraunlariak, eta horrek eragiten dizkieten gastuei aurre egiteko asmoz antolatu dute egitasmoa: «Bidaia gastuak eta bestelakoak areagotu eginzaizkigu, eta horrez gain trainerua ere ordaintzen ari gara. Atoia ere erosi beharra daukagu, elkartean ez baitago guztiontzat», adierazi dute taldekoek. Azken helburua, beraz, arraun elkartea bera indartzea da.
Askotariko cava markak eta motak eskainiko dituzte, eta janaria ere egongo da herritarren eskura. «Ohiko azoka izango da, baina beste ukitu bat eman nahi izan diogu». Kataluniako xanpainaren festa izanik, herrialde horretako afaria egingo dute larunbatean, Donostiako Ali-Oli jatetxearen eskutik, eta herritarrek Kataluniako janari tipikoekin afalduko dute. Horrez gain, ohiko jakiak eta itsaski janak eskainiko dituzte egunero. Gainera, prezioak mantendu egin dituzte aurtengoan, eta cava botilak bederatzi eta 12 euro artean erosi ahal izango dira, motaren arabera. Bi pertsonentzako itsaski-jana, berriz, 27 eurotan emango dute. Musika emanaldiak ere izango dira igandera bitartean; bihar, esaterako, Xabier Lizaso piano-jotzaile oriotarrak emanaldia eskainiko du, eta antolatzaileen arabera, izango da beste musika saiorik ere.
Baleada, eskualdera
Hiru urtetan data desberdinetan prestatu izan dute azoka, eta aurten maiatzaren 1eko zubia aukeratu dute horretarako. «Ezin dugu edozein asteburutan egin azoka; zubi bat behar da, bideragarria izan dadin. Aste Santuetan Garagardo Azoka egin denez, orduan jarritako karpa aprobetxatzea pentsatu dugu». Antolatzaileen arabera, erantzun ona eduki izan dute aurreko urteetan, eta horregatik animatu dira hirugarren urtez egitera.
Cava azokaz gain, Gipuzkoa Kostalde Baleada ere aurkeztuko dute beteranoek. Urriaren 12an Zumaiatik Oriora arteko ibilbidea prestatzeko asmotan dabiltza, Angeluko Ibaialde elkarteak egin ohi duen Kostalde Baleada martxatik abiatuta. «Hendaiatik Angelura bitartean, Iparraldeko kostalde guztia zeharkatzen dute, martxa kultural eta gastronomiko baten bidez. Guztira 35 kilometrotako ibilbide bat izaten da, eta herri bakoitzean bertako janariarekin otorduak egiten dituzte», azaldu dute antolatzaileek. Egitasmo ludikoaren bidez, gainera, baleak historian zehar izan duen garrantzia eta herriarekin mantendu duen harremana gizarteratu nahi dute. Orain, ibilaldia eskualdera ekarri nahi du Zarauzko Arraun Elkarteak, eta azokan horren aurrerapena egingo dute, larunbatean, 19:00etan. Antolatzaileen esanetan, «Gipuzkoako Kostalde Baleadak filosofia berdina mantenduko du; Zumaiatik hasita, Getaria, Zarautz, Aia eta Orio zeharkatuko dituzte, eta handik Zarautzera itzuliko dira».