Astelehean abiatuko dute Getarian pilotako XVII. Salbatore Txapelketa

Aritz Mutiozabal 2014ko maiatzaren 1a

[sasoian.info] 97 bikotek hartuko dute parte XVII. Salbatore Txapelketa. Datorren astelehenean, maiatzaren 5ean, ekingo diote pilota partidei eta hiru hilabeteko lehiaren ondoren, abuztuaren 6an jokatuko dituzte finalak, Salbatore Egunez. Maiatzean astelehenetan eta asteazkenetan jokatuko dituzte partidak, 19:00etan, herriko frontoian; ekainean eta uztailean, aipatutako bi egun horiez gain, larunbatetan ere izango dira norgehiagokak 18:00etan hasita. Jardunaldi bakoitzean hiru partida jokatuko dituzte, maila bakoitzean bana (kadete, jubenil eta 22 urtez azpiko), kanporaketa formatuan. Parte-hartze zabala Euskal Herri osoko ordezkariak bertaratuko dira pilotan lehiatzera, baita Errioxatik (Espainia) ere, eta aurten ere ez dute huts egingo. Aurten, Getariako bikote batek hartuko du parte txapelketan, kadete mailan: Gorka Aristik eta Gorka Zenekortak osatutakoak, alegia. Urte hauetan guztietan, 2.000 bikotek hartu dute parte Getariako pilota txapelketan. Apal-apal ekin zioten lehiaketari, 40 bikoterekin, eta urteek aurrera egin ahala 150 bikote ere izan zituztela jakitera eman du Getariako Pilota Elkarteko arduradun Segundo Alkortak. Hasieran kadete, jubenil eta senior mailakoentzako antolatzen zuten, baina kopurua murriztu eta pilotari gazteei aukera emate aldera, 22 urtez azpikoen maila jarri zuten seniorren ordez. Azken urteetan ehun bikote pasatxo izan dituzte batez beste txapelketan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide