Urola Erdia, turista askoren opor aukera

Olatz Prat 2014ko maiatzaren 1a

Aste Santuko oporraldiak ahoko zapore ona utzi die Urola Erdiko ostalari eta eskaintzaile turistikoei, izan ere, Gipuzkoan bezala, zonalde horretan ere % 15 igo da turista kopurua, iazko kopuruarekin konparatuta. Loiolan dagoen eskualdeko Turismo Bulegotik 1.039 pertsona pasatu dira apirilaren 12tik 26ra bitartean. Horietatik 359 Hego Euskal Herriko bisitariak izan dira, eskualdera eguna pasatzera etorritakoak. Gainerakoak Euskal Herrian gaua egin duten bisitariak izan dira, 680tik 480 espainiar jatorrikoak eta gainerako 200 atzerrikoak. Arrakasta berezia izan dute Zestoako Ekainberrik, Azkoitiako tour gidatuak, Urola Gustagarri egitasmoak eta Burdinbidearen Euskal Museoaren Azpeitia eta Lasao arteko Lurrun Trenen zerbitzuak, azken honek %26,1 egin du gora iazko Aste Santuarekin alderatuz. Naturaz, historiaz eta kulturaz gozatzeko moduan ematen duen Bost Geltoki Historian egitasmoaren bitartez ere, turista ugari ibili da Loiolako Santutegian, Lili Jauregian nahiz Algorri interpretazio zentroan. Iraurgi Berritzen-eko Turismo arloko teknikari Jexux Mujikak HITZAri azaldu dionez,oporraldiaren «balantze oso positiboa» egin dute agentziatik. «Aste Santua, gainera, udaberrirako eta udarako etor litekeenaren adierazlea izaten da, eta alde horretatik, emaitzak onak dira», azaldu du. Eskaintza, gailu mugikorretan Duela pare bat astetatik eskualdeko eskaintza turistikoa biltzen duen aplikazioa erabilgarri dute bisitariek sakeleko telefonoetan eta tabletetan. Urola Erdiko sei udalen eta Iraurgi Berritzen-en ekimenez, Elkarmediak garatutako aplikazio bat da, urolaturismo.net webgunea eraberritu ostean, horko edukiak gailu mugikorretarako egokituz osatua. Bisitariari «egonaldia erraztea eta eroso sentiaraztea» dira aplikazio honen helburuak. Horretarako, Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako herriguneetan ibilbide zehatzak eskaintzeaz gain, Beizama, Errezil eta Aizarnazabal inguruak ezagutzeko ibilbideak ere eskaintzen ditu aplikazioak, Touring Urola atalean. Urola Erdiko zerbitzu turistiko guztien berri ere ematen da aplikazioan, ondareari buruzko informazioa, museo, jatetxe eta ostatuen argibideak eta toki publikoetako telefonoak, esaterako. Zerbitzu guztiak geolokalizatuta daude eta ibilbide nahiz azalpen guztiak audio lokuzioz, testuz eta irudiz lagunduta daude. Euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa dira aukeran dauden hizkuntzak, eta guztiak ere Android nahiz iOS sistemadun gailuetan deskaragatu daitezke, Play Store-tik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide