Gurasoek euskaraz hitz egin dezaten Parketarrak ekimena abiatuko dute Orion maiatzean

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko apirilaren 30a

Aita, ama...kontu bat dut zuei esateko... egitasmoaren barruan, gurasoek haurren hikuntza jokaeretatik ikasi dezaten eta parkean beren artean ere euskaraz hitz egiten dezaten Parketarrak egitasmoa jarriko dute martxan maiatzean Orion. Urtxintxa Aisialdi Elkarteko kideek haur eta gurasoentzako jolas parte-hartzaileak antolatuko dituzte arranplako eta Kosta Tailerraren ondoko parkeetan. «Haurrak eta gurasoak elkarrekin euskaraz jolasten jarri nahi ditugu; gainera, helduen artean euskarazko hartu-emana sustatu eta hizkuntzaren erabilerarekiko kezka bistaratu nahi dugu», azaldu du Urtxintxako ordezkari Jaime Altunak. Astearteetan Kosta Tailerraren ondoko parkean izango dira Urtxintxako kideak, eta asteazkenetan arranplako parkean. «16:30etik 17:30era 3-6 urte bitarteko haurrentzat eta gurasoentzat jokoak egingo ditugu eta 17:30etatik 18:30era 6-9 urte haurren txanda izango da». Izan ere, gurasoen arteko hizkuntza ohituren inguruko datuak ez dira oso baikorrak. «Gurasoen arteko erabilera aztertzerakoan, ikusi dugu gehiago direla beren artean gaztelaniaz hitz egiten duten gurasoak: bikoteen %55, hain zuzen ere. Kontuan hartzen badugu familien %64an bi gurasoak euskaldunak direla, horrek esan nahi du biek euskaraz jakin arren beren artean gaztelaniaz hitz egiten dutela», esan du Jon Agirresarobe Euskara batzordeburuak. Gurasoek gainontzeko gurasoekin ere asko hitz egiten dute gaztelaniaz. «Euskaraz aritzen direla dioten gurasoak %55 dira, nahiz eta euskararen ezagutza oriotarren artean %76 ingurukoa izan. Horrek erakusten du euskaldun dezentek lagun artean gaztelaniaz hitz egiteko ohitura duela». Bestalde, Euskara Batzordeko kideek nabarmendu dute euskararen erabilerarik baxuena «esparru intimoenetan» gertatzen dela. «Esparru publikoan urrats garrantzitsuak eman dira azken urteetan, baina aurrerantzean eremu pribatua landu behar dugu», azaldu du Agirresarobek. Azken hogeitamar urteetan haurren eta gazteen artean euskararen erabilera %30etik %88,5era igo bada ere, helduen hizkuntza ohituretan ez da aldaketarik antzeman: «Orio euskararen arnasgunean badago ere, helduen %55ek hitz egiten du euskaraz kalean. Herriko euskaltzaleok egoera horrekin kezkatuta gaude, euskaldunon artean gero eta errazago egiten baitugu gaztelaniaz», azaldu du Agirresarobek. Ildo horretatik, gurasoen hizkuntza ohituretan eragiteko Aita, ama...kontu bat dut zuei esateko... egitasmoa abiatu du Orioko Udalak. Lehenik eta behin Orioko bi ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 4. 5. eta 6. mailetako ikasleei eta beren gurasoei etxeko hizkuntza ohituren inguruko galdetegi bat pasatu diete. «Emaitzetan ikusi dugu hizkuntzaren transmisioa nahiko ondo bideratuta dagoela familietan, euskaraz dakiten gurasoek, ia erabat euskaraz egiten baitiete seme-alabei», azaldu du Jabier Zabaleta Euskara teknikariak. Hala, anai-arraben artean ere %88ek euskaraz hitz egiten dutela ere konturatu dira. «Orion familien %36,25 mistoa da [euskaraz dakiten eta ez dakiten kideez osatuta, alegia] eta deigarria iruditu zaigu familia misto gehienetan ere anai-arrebek beren artean euskaraz egitea. Hau oso positiboa da».  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide