Ekaina agurtzen dute San Pedro festek. Herriko elkarte, eragile eta norbanakoen parte hartzea beharrezkoa izaten da herriko festak antolatzeko, izan ere, Udalak herriko San Pedro festak guztien artean antolatzea izaten du helburu.
Horretarako, hau da, festak antolatzeko, Festa batzordeko lehenengo bilera irekia maiatzaren 6an, asteartean, egingo da. Arratsaldeko 18:30ean izango da, Orioko Kultur Etxean. Udalak bertara hurbiltzeko gonbita luzatzen dio orori.
San Pedrotan Pello eta Nikolasa dantzatu nahi?
Orion baziren erraldoiak eta buruhandiak, baina haiek desagertu zirenez, usadioa berreskuratze aldera sortu ziren Pello eta Nikolasa. Herriko festei erreferentzia egiten diete izenek, eta jai horietan atera ohi dira erraldoiak dantzara: San Pedrotan eta San Nikolasetan.
Egun gutxi dira erraldoiak dantzarazten dituzten herritarrak, bost hain zuzen ere. Jendearen beharra daukate, hortaz, laguntza eske dabiltza. Izan ere, erraldoiak Orioko kaleetan zehar dantzan ikustea polita da oso, baina horretarako dantzan jartzen dituen jendea behar da. Dantzatzeak entsegu beharra eskatzen du, baina zaila ez da. Halaber, festen barruan egiten den ekintza denez ez die prestakuntza handia eskatzen, hortaz, ez dituzte entsegu asko egiten.
Beraien arteko giro onagatik jarraitzen dute erraldoiak ateratzen, ezagunak izatetik lagun izatera pasa direlako. Konplizitatea dago partaideen artean eta hori da ekimena bizirik mantentzen duena. Gaur egun, bizirik jarraitzeko, jendearen parte hartzea behar dute. Interesatua bertaratu dadila Kultur Etxera.