Atzo hasitako itxialdian jarraitzen dute TSko langileek, eta hango enpresa batzordeak jakinarazi duenez, bihar utziko dute Arroako lantegia. 08:00etan dira lantegitik ateratzekoak, langileen nazioarteko eguneko mobilizazioetara joan daitezen.
Gaua lasai pasa dute, "ahal izan dugun moduan lo egiten" eta giro lasaia da nagusi, une hauetan, Arroako lantegi inguruan. Asier Lizaso langileen ordezkariak Urola Kostako Hitzari agertu dionez "inor ez da gugana etorri, ez hitz egitera, ez ezertara". Ertzaintzaren auto batzuk kanpoan dira, baina, langileek ez dute sumatzen haiek barrura sartzeko asmorik dutenik.
Hori horrela izanda, langileak zer egin aztertzen ari dira. "Atzo jaso genuen babesarekin eta hainbeste hedabideren presentziarekin gure asmorik hoberenak bete ziren, oso eskertuta gaude guztiei", azaltzen du Lizasok, "jendeak gure egoeraren berri izatea nahi genuen eta hori lortu dugu behintzat". Beraz, itxialdia noiz arte luzatu aztertzen ari dira; hasiera batean Arantza Tapia Industria sailburua bertaratu arte handik ez zirela mugituko azaldu zuten arren, baliteke itxialdia lehenago etetea.
Atzo arratsaldean TSko langileen itxialdiaren inguruko adierazpenak egin zituen Tapiak, eta azaldu zuen bilera bat lotua dagoela jada Eusko Jaurlaritza eta enpresa batzordearen artean. "Guk ez daukagu horren berririk", dio Lizasok, "gainera, aurreko bileretan behintzat ez da Tapia bera egon, alor honetan erabakitzeko eskumenik ez duen Lan eta Enplegu saileko ordezkari bat bidali dute, eta ez da ezer aurreratu".