Gizakia nomada da, leku batetik bestera mugitzeko beharra baitauka: janari bila, bizilekua hobetze aldera edo harremanak izateko, besteak beste. Ernio, historiaurreaz geroztik, miloika gizakien pasa-lekua izan da. Euskal Herriaren bihotzean kokatzen da: Nafarroa eta kostaldea lotzen ditu, baita probintzia barneko herriak ere. Nekazari eta abeltzain askok zeharkatu dute Ernio, ganadua neguko lareetatik udakoetara eramateko, salerosketak egiteko eta abar. Xendazaletasunak gure arbasoek utzitako arrastoari jarraitu dio gure nortasunari eusteko helburuarekin. Xede horrekin antolatuko da laugarrenez Erniopeko mendi ibilaldia, zortzi herrien arteko zeharkaldia.
Maiatzaren 11an, igandean, izango da mendi martxa. Bidanian hasi eta Goiatzen amaituko da, baina partaideek bi ibilbideren artean aukeratu ahal izango dute: luzea edo motza.
Bi bide, bi aukera
Ibilaldi luzearen iraupena 11 ordukoa izango da eta 48,6 kilometroko luzera izango du. Igoko duten desnibela 2.300 metrokoa izango da. Ibilbide hau egiteko goizeko 6etan atera beharko dute mendizaleek. Ondorengo guneetatik igaroko dira: Bidania, Errezil, Zelatun, Iturrioz, Altzuru-zelai, Ernio-Txiki, Aia, Aristerrazu, Bulano, Asteasu, Larraul, Alkiza, Hernialde, Artzubi eta Albiztur.
Ibilbide motzak, ordea, 5 ordu eta erdikoa da. Guztira 25 kilometro ibili beharko dira mendizaleak eta 2000 metroko desnibela igo beharko dute. Bigarren ibilbide hau burutzeko goizeko 8etan irtengo dira eta Zelatunera iristean, Iturriotzera joan ordez Alkizara joango dira.
Aia ibilbide luzearen barruan
Ibilbideetako bat Aiatik igaroko da, luzea, hain zuzen. Ernio-Txikitik Aiara joango dira, eta Aiatik Aristerrazu eta Bulano igaro ondoren, Asteasura. 18 kilometroa egingo dute, gutxi gora-behera, Aian, eta atseden hartzeko tramoa izango da, aldapan behera joango baitira parte hartzaileak. Aian indarrak hartzeko astia izango dute, ura eta jana emango baitzaie.
Parte hartzeko bete beharreko arauak
Ibilaldian parte hartzeko 15 euro ordaindu beharko dira. Ordainketa bi eratara egin daiteke: www.erniozaleak.com webgunean edo irteera bakoita baino ordu bete lehenago Bidania-Goiatzgo frontoian.
Irteerak izen ematearen orden berean emango dira. Irteeran parte hartzaile bakoitzari txartel bana emango zaio eta kontrol postu guztietan zigilatu beharko da, markatutako ordutegiaren barruan. Amaitzean, ez da inolako sailkapenik emango; emango dena, mendi materiala da. Arratsaldeko seiretan egingo da materialaren zozketa.
Istripu edo eritasunen bat gertatuz gero, Erniozaleak Kultur Elkartea ez da horren erantzule egingo eta parte hartzaileak ez du kalteordainerako inolako eskubiderik izango. Hori bai, DYA zerbitzua izango da.