TSko langileei elkartasuna adieraziz gaur Zestoan EH Bilduk deituta egin den manifestazioa (Olatz Prat/ Hitza)
Zestoako EH Bilduk deituta, eta eskualdeko Sorturen babesarekin TSko langileei elkartasuna adierazteko manifestazioa egin dute gaur arratsaldean dozenaka lagunek Zestoako kaleetan. Urolan lan egin eta bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute mobilizazioaren bidez. Manifestazioa bukatu ostean, parte hartzaileak, kotxez, Arroara TS Fundiciones lantegira joan dira, itxialdian dauden langileei babesa adieraztera.
“Pobrezia gorrian gaude, egoera oso larrian”, diote TSko langileek. Itxialdian daude TSko Arroako lantegian, eta hala jarraituko dute. Arantza Tapia Industria sailburuarekin bildu nahi dute, eta horixe eskatu dute, bertaratu dadila Jaurlaritzako sailburua, “gurekin eta eskualdeko beste hainbat langilerekin zer egiteko asmoa duten azaltzera”. Goiz osoan zehar lantegi aurrean izan diren arren, eguerdi aldera erretiratzeko agindua jaso dute ertzainek eta, momentuz behintzat, barrura sartzeko asmorik ez dute agertu. Dena den, barrura sartzen hasten direnean, Zumaian eta Zestoan
etxafuegoak botako dituzte, herritarrak lantegi aurrera joan daitezen.
Gaur 19:00etan Zestoako plazatik abiatuta manifestazioa egingo dute TS Fundiciones ez ixteko eskatuz. Arroako enpresan itxialdia egiten ari dira langileak gaur goizean goizetik, eta babes adierazpen batzuk jaso dituzte eskualdeko hainbat eragileren aldetik. Zestoako Udalak eta Azpeitiko eta Zumaiako Sortuk elkartasuna adierazi diete, esaterako. Baita Zumaiako gazte mugimenduak ere.
TSko langileen ordezkariak, Zestoako Udaleko ordezkariak eta Ertzaintza hizketan aritu dira goizean. Zestoako alkate Leire Etxeberria han da, baita Zumaiko alkate Iñaki Arrizabalaga eta Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria ere, “langileei babesa adierazten”.
Goizeko 07:30ean sartu dira Arroako lantegi barrura langileak, TSren itxieraren kontra eta lanpostuen alde.
Kateatu egin dira batzuk. Erresistentzia pasiboa da langileen asmoa. Pixkanaka jende ugari gerturatzen ari da lantegi atarira, langileei babesa agertzeko. Bertan dira, besteak beste, Urola Kostako beste enpresa batzuetako ordezkariak eta baita LAB eta ELA sindikatuetako eta Ernaiko arduradunak ere.