Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Laura Mintegi (Lizarra, 1955) idazlea, irakaslea eta politikaria da. 1983an bere lehen lana plazaratu zuenetik, ibilbide oparoa osatu du literaturgintzan. Gaur, 19:30ean, Azpeitiko Emakumeen Txokoan izango den mahai inguruan parte hartuko du Aurelia Arkotxa, Tere Irastortza eta Gema Lasarte idazleekin batera.
Hamarkada hauetako eboluzioa positiboa izan al da zure ustez?
Alde batetik, ikusten da emakumeen presentzia handiagoa dagoela euskal letretan, baina, sakonera begiratzen badugu, orduko ezinegonek, zalantzek, pozek eta penek bere horretan diraute. Lagungarria da aurretik beste emakume batzuen belaunaldiak egotea bidea egiten, baina sakonean prozesu subjektiboa da, norberak bere mamuei egin behar die aurre, eta horretan besteen eskarmentuak ez dizu askorako balio.
Zein da emakume idazlearen arazo ohikoena?
Literaturak idazleari ispilu bat jartzen dio begien aurrean, eta norberak bere burua ikusten du ispilu horretan. Emakumeen kasuan, arazo identitario handiagoak sortzen dira eta, askotan, ez du errekonozitzen bere burua eremu publikoak eskaintzen dion ispilu horretan.
Zergatik?
Idazleak pertsona bat ikusten duen lekuan, gizartearen ispiluak emakume baten irudia bueltatzen diolako. Uste du pertsona dela, pertsona neutroa. Baina literaturan ere neutroa gizonezkoa da, femeninoa markatuta dago.
Errazagoa al da gaur emakume idazle izatea duela 30 urte baino?
Bi alderdi daude. Alderdi komertzialetik esan daiteke batzuetan emakume izatea balio erantsi bat ere izan dela. Garai batzuetan modan ipini da euskal idazle emakume gaztea, denak desberdinak izanda ere, multzo artifizial bat egin da. Komertzialki saldu egiten du horrek. Simone de Beauvoirren garaian Literatura femeninoa kontzeptua sortu zuten editoreek duela 80 urte inguru. Fenomeno komertziala izan zen, eta horrek erraztu zuen emakume horiek argitaratu ahal izatea. Baina, beren mamuei aurre egin behar izan zieten, berdin-berdin, identitate edo etiketa hori ez baitzuten beraiek sortu.
Euskal literaturan % 15 soilik dira emakumezkoak.
Ez da logikoa, badago desoreka handi bat, zeren gizartean %50 baino gehiago gara. Gainera, oso merkea den jarduera bati buruz eta kulturarekin zerikusia duen jarduera bati buruz ari gara; literatura egiteak ez du eskulturak edo arkitekturak eskatzen dituen moduko inbertsio handiak eskatzen. Kanpoko faktore guztiak emakumeen presentzia handitzearen aldekoak dira. Merkea eta erraza da. Beraz, mugak ez badira ez fisikoak ez ekonomikoak, horrek esan nahi du mugak psikologikoak direla. Bereziki, eremu publikora jauzi egiteko beldurra. Gaztetxoen literatura lehiaketetan gehiengoa emakumeak dira, baina gero neska horiek ez dira emakume idazle bihurtzen, balio duten arren. Eremu publikorako jauziak beldurtzen du emakumea, kristalezko sabai horrek.